Suhiltzaileek salatu dute egoera "kaotikoa" bizi dutela, eta udalari hitza betetzeko eskatu diote

suhiltzaile "Udala zuen hitza bete" dioen pankarta handi bat dago Donostiako suhiltzaileen egoitza nagusian, Intxaurrondon. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta)

Donostiako suhiltzaileak mobilizatzen hasi dira, eta Garberako biribilgunearen ondoan duten egoitzan pankarta handi bat zintzilikatu dute, zera dioena: “Udala zuen hitza bete”. Izan ere, LAB sindikatuko Iñaki Diaz suhiltzaileak azaldu duenez, “urteak” daramatzate kexatzen, Donostiako suhiltzaileen erakundea “oso zaharkituta” dagoelako: “Segurtasunaren aldetik, nahiz eta hobekuntzak egin diren, duela 20 urte geunden bezala gaude, jarraitzen ditugun irizpideak duela 20 urtekoak baitira, eta protokoloak ez daude bateratuta; hau da, brigada bakoitzak ahal duen moduan egiten ditu gauzak”.

Horregatik, Diazek kontatu du zuzendaritzak sei lanpostu —hiru subinspektore, ofizial bat eta bi subofizial— sortu zituela bere garaian, “guardiak egiteko eta erakundearen kudeaketa bateratua egiteko, bai eguneroko lanari dagokionez eta bai aurrera begira egin beharreko hobekuntzei dagokienez”. Ordea, horietako hiru baino ez ziren sortu, eta hiruen artean egiten dituzte guardia guztiak. “Leher eginda daude, eta gainera, kudeaketa lanak ez daude bateratuta”, salatu du Diazek.

Horrela, LABekoaren arabera, zuzendaritzak, tartean urte hasieran dimisioa eman zuen Imanol Andonegi zuzendariak, udalera jotzea erabaki zuten, beste hiru lanpostuak sortzeko eskatzera, “egoera kaotikoa” zelako. “Udalak ezetz esan zuen, eta horregatik dimititu zuten zuzendaritzako hainbat kidek”, adierazi du Diazek. “Hori ikusita, delegatu sindikalok udalera jo genuen, eta udalari esan genion zuzendaritzaren eskaera geure egiten genuela, eta irtenbide bat bilatzen ez bazuten borrokatzen hasiko ginela”, gaineratu du suhiltzaileak. Dioenez, udalak zuzendari berria iritsi arte itxaroteko eskatu zien, eta hala egin zuten: “Momentuz pozik gaude zuzendari berriarekin [Eli Arrillaga], baina egoerak ez du hobera egin, hiru langile horietako batek erretiroa hartu baitu berriki, eta orain bi daude guardia guztiak egiteko, eta abar”.

Diazek nabarmendu du Arrillaga hiru lanpostu berri horiek sortzeko eskaera mugitzen hasi zela udalean, eta azkenean, udalarekin adostasun batera heldu zirela, lanpostuak sortzeko. “Udalbatzarrean onartzea soilik falta zen. Uztaileko udalbatzarrean, ordea, Finantzetako zinegotziak [Jaime Dominguez Macayak] atzera bota zuen, eta esan ziguten datorren urteko aurrekontuetan aztertuko zela. Argi utzi dute ez zaiela inporta, eta erabaki politikoa izan da”. Horregatik, mobilizatzen hastea erabaki zuten, eta egin duten lehenengo gauza Intxaurrondoko egoitzan aipatu pankarta zintzilikatzea izan da. “Orain, udalak irailera arte itxaroteko esan digu, orduan aztertuko dugula gaia. Espero dugu irailean behin betiko baiezkoa jasotzea; hori lortu arte, ez gara geldituko”, azpimarratu du Diazek, eta zera gaineratu du: “Horrela ezin dugu jarraitu, egoera kaotikoa da; edozein egunetan ezbeharren bat gertatuko da”.

Hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da auziari buruz hitz egiteko, baina Martin Ibabek, Segurtasuneko zinegotziak, adierazi du momentuz ez dutela gaiari buruzko adierazpenik egingo, eta irailean jarraituko dutela suhiltzaileekin hitz egiten, “gaia konpontzeko”.

HITZAkide HITZAkide