Muxiko eta erromeriak Trinitate plaza girotuko dute gaur
Donostiako Piratek antolatutako Kabotajearekin jarraituz, muxikoekin emango diote hasiera egunari. Trinitate plaza musika eta dantzaz girotuko dute lehendabizi 12:00etan eta ondoren, kuadrila jolasak antolatu dituzte 15:45etan. Kontxako Badian galdutako lau ume aurkitu beharko dituzte parte hartzaileek, eta horretarako, mapa bat eskuratu beharko dute beste taldeekin lehiatuz. Taldeak, egokitutako tematikaz mozorratuta joan beharko dira, eta gutxienez 6 pertsonako taldeak izan beharko dute.
19:00etan Kabotajeko lehen kontzertua eskainiko du Ibil Bedi talde nafarrak, Trinitate plazako eszenatokian. 20:30etan ordea, Sara Zozaya kantautore donostiarra arituko da plazan. Bestalde, ostiralero egiten den moduan, enkartelada Konstituzio plazatik abiatu, eta kaimingaintxo plazan amaituko da.