Azken egunetako "jazarpen poliziala" salatzeko kontzentrazioa egin du GKS-k
Donostiako GKS-k eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Bulebarrean. Bart beste hamar lagun atxilotu zituztela jakinarazi du Ertzaintzak.
Azken egunetan gertatutako “jazarpen poliziala” salatzeko kontzentrazioa deitu zuen Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak atzo arratsaldean Bulebarrean. Poliziak gauero izandako jarrera “bortitza” izan dela eta hainbat atxiloketa kalez jantzitako poliziek egin zituztela salatu zuten: “etxera bidean zihoazen gazteak gelditu, jipoitu eta indarrean eraman dituzte”. Hala, asteburuko gertaerak salatu eta atxilotu eta erasotuei babesa adierazi zieten.
Horrez gain, larunbat goizean Ertzaintzak zortzi pertsona identifikatu zituen propaganda politikoa jartzeagatik. Gertatutakoak “gazte langileen kriminalizazioaren eta antolakuntza politikoaren aurkako oztopoen adierazle” direla azpimarratu zuten. “Ez dira kasu isolatuak, COVID-19 pandemiaren testuinguruan areagotzen ari den ofentsiba burgesaren parte baitira”. Etxeratze agindua indarrean zegoenean, Alde Zaharrean poliziak egindako eraso eta atxiloketak ere gogorarazi zituzten.
Aste osoan zehar atxiloketak egon dira goizaldean, eta bart, beste hamar gazte atxilotu zituzten Alde Zaharrean. Aurreko gauen moduan, poliziei botilak jaurtitzea leporatzen diete.