Erdialdeko auzo elkartea sortu dute: Erdian Bizi du izena
Erdialdeko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko helburua du Erdian Bizi elkarteak: Erdialdeko auzo elkarteak, alegia. Ofizialki 2020ko azaroan eratu zen elkartea, eta auzoko zenbait komertziotan orri batzuk kokatu dituzte euren burua ezagutarazteko. Orri horiek sinadurak biltzeko funtzioa ere badute, auzotarren atxikimendua eta laguntza eskuratzeko.
Honakoa adierazi die bizilagunei Erdialdeko auzo elkarteak: “Gure auzoa gero eta okerrago dagoela nabaritu duzu? Trafiko gehiago, obrak etengabe, parke eta espazio berdeetako garbikuntzak ahaztuta, azpiegiturarik ez… Udalean ahotsa izateko, asko izan behar dugu. Lagundu!”.
Erdialdeko bizilagunen bizitza kalitatea hobetzea helburu nagusi badute ere, hori lortzeko zenbait helburu zehatz ezarri ditu auzo elkarteak: espazio publikoa hobetzea, hiri mugikortasuna hobetzea, espazio berdeen sorrera bultzatzea, auzoko biztanleen osasuna hobetzea, eta ekipamendu eta oinarrizko zerbitzuak hobetzea, hain zuzen.