Abuztuaren 31ren harira, egitarau xumea antolatu du udalak
1813ko abuztuaren 31n Donostia suntsitu zutenetik 208 urte beteko dira gaur zortzi, eta Donostiako Udalak zenbait kultur ekitaldiz osatutako egitarau xumea antolatu du urteurrenaren harira. Abuztuaren 26an, 27an eta 28an Donostia 1813 proiektua egingo dute hiru dimentsiotan, San Jeronimo kaleko kriptan. Hiria suntsitu aurreko Donostiako kaleetatik bidaia birtuala egingo dute proiekzio horren bidez, eta 17:30ean, 18:30ean eta 19:30ean eskainiko dute hiru egun horietan. Abuztuaren 30ean, 19:00etan, Trinitate kalearen garrantzia hitzaldia emango du J. J. Pi Chevrotek leku berean. Egungo abuztuaren 31 kaleak Trinitate kalea zuen izena iraganean.
Abuztuaren 31n, 11:30ean, elizkizun nagusia egingo dute San Bizente elizan, Easo abesbatza, udaleko txistulari taldea, dantzariak eta Josu Elberdin organojolea lagun. 12:30ean, tradizioa den moduan, lore eskaintza egingo dute. 19:00etan, Donostia Uda Hartan. Donostiako setioa hitzaldia emango du J. M. Leclercq Saizek San Jeronimo kaleko kriptan, eta 20:30ean, 1813ko sarraskia gogoratzeko kontzertua emango dute San Bizente elizan. Easo, Santa Cecilia eta Gaztelupe abesbatzek, txistularien udal taldeak, Aiert Beobide eta Irati Sorondo dantzariek, Oscar Cornejo organojoleak eta Andoni Aleman errezitatzaileak hartuko dute parte kontzertuan, eta aurkezten, Xabier Otaegi arituko da. 21:30ean, kanpai hotsak entzungo dira hiriko erdigunean.
Bestalde, Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak abuztuaren 31n gertatu zena oroitzeko antzerkia Trinitate plazan egingo dute larunbatean –hilaren 28an–, 21:00etan, COVID-19aren aurkako osasun neurriak errespetatzeko. Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak bederatzi urtez antolatu du antzerki ibiltaria, baina aurten ez da halakorik izango. Iaz, antzerkiaren ordez kartel informatiboak jartzera mugatu ziren. Aurten antzerkia izango da –nahiz eta ibiltaria ez izan–, eta 1813ko abuztuaren 31n gertatutakoa azaltzen duten kartel informatiboak ere eskegiko dituzte Parte Zaharrean, baita aldizkari informatibo batzuk banatu ere.