Bera Berak Granollers hiriko txapelketan parte hartuko du
Bera Bera talde donostiarraren partida bat. (Argazkia: Valentin Gonzalez de Garibay) Granollersko (Herrialde Katalanak) Palau d’Esports kiroldegiak XXXI. Granollers hiriko eskubaloi txapelketa hartuko du gaur, hilaren 24an, eta Bera Bera talde donostiarra han izango da. Izan ere, antolatzaileek donostiarrak gonbidatu dituzte, pasa den denboraldian berriz ere liga irabazi izanagatik. Hain zuzen, Granollersko emakumeen eta gizonen taldeek bi kategoerietako txapeldunak izango dituzte aurkari; Bera Bera neskek eta Bartzelona mutilek. Imanol Alvarezek jokalari guztiak eramango ditu, eta norgehiagoka 19:00etan jokatuko dute; Esport3-en bidez ikusi ahal izango da zuzenean.
Abuztuko bosgarren neurketa izango da donostiarrentzat: orain arte, Zuazoren aurka bi aldiz jokatu dute, eta pasa den asteburuan Summer BAG txapelketa jokatu zuten Valladoliden, Atletico Guardesen aurka irabazita eta Valladoliden aurka galduta. Granollersera egingo duten bidaia aprobetxatzeko, Handbol Sant Quirzerren aurka jokatuko dute etzi, hilaren 25ean, 18:30ean. Ligako denboraldia irailaren 11n abiatuko dute.

