Easo plazatik Kontxaraino metroaren tunela eraikitzen hasi direla salatu du Satorralaiak
Satorralaia bizilagunen mugimenduak protesta zaratatsua egingo du abuztuaren 31n Kontxako pasealekuko erlojuetatik Miramar jauregiaren kanpoalderaino, Easo plazatik Kontxarainoko metroaren tunela eraikitzeari ekin diolako ETS Euskal Trenbide Sareak abuztuan. Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseilua Miramar jauregian bilduko da gaur zortzi, urtero bezala, ikasturte politikoari hasiera emateko. Satorralaiak aukera baliatuko du agintari politikoei honakoa eskatzeko: “Herritar askoren iritziz erabat behargabekoa, kaltegarria eta xahuketa ekonomiko itzela den obra hori geldi dezatela”. 10:00etan abiatuko dira erlojuetatik, eta Miramarren kanpoaldeko aparkalekuan zarata egingo dute ordu erdi beranduago.
Satorralaiaren ustez, “Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udal Gobernua gezurretan aritu direla bistakoa da gure hirian Metroaren eraikuntzak dituen inpaktuen, koste errealen eta helburuen inguruan. Gehiegikeria hau Donostian sustatzen ari den hiri-ereduaren eta turismoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioa dugu. Horrek espekulazioa eta hirigunearen merkantilizazioa areagotzea, lan-baldintzen prekarizazioa, eta inbertsoreen interes ekonomikoak bizilagunen eta langileen beharren gainetik jartzea dakar berekin. Ez alperrik, hiri-ereduari buruz eta Donostiarako garraio publikoko sistema egokienari buruz inongo partehartze eta eztabaida sozialik gabe inposatu dute Metroa”.
Jaurlaritza entzun: metroa gelditu! Behargabekoa – Xahuketa – Erokeria lelopean egingo dute protesta Satorralaiakoek.