Iñigo Llopisek ezin izan du aurrera egin estilo libreko 100 metroko proban
Iñigo Llopis igerilari donostiarra. (Argazkia: Basque Team) Abian dira atzotik Tokioko Joko Paralinpikoak, eta han dira Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari donostiarrak. Hain zuzen, Llopisek debuta egin du S8 kategoriako estilo libreko 100 metroko proban, baina ezin izan du hurrengo fasera pasa. Izan ere, laugarren postuan amaitu du bere txanda, 1:01.95eko denborarekin; bere aurretik gelditu dira Dimosthenis Michalentzakis greziarra (59.49), Haijiao Xu txinatarra (1:00.05) eta Matthew Torres estatubatuarra(1:01.35).
Hala ere, bi egun barru, hilaren 27an, berriz lehiatuko da donostiarra, bizkar estiloko 100 metroko proban; Basque Teamen arabera, Llopisen “proba kutunenetako bat” da. Era berean, hilaren 30ean estilo libreko 4×100 proban lehiatuko da, hilaren 31n estilo libreko 400 metroko proban eta irailaren 3an 4×100 estilotan.

