Añorgako Kultur eta Kirol Elkartea bere mendeurrena ospatzen hasiko da larunbatean
Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteak (KKE) 100 urte beteko ditu 2022ko abuztuaren 28an, eta mendeurrena ospatzeko, urte osorako egitaraua prestatu dute, larunbatetik —hilaren 28tik, hain zuzen— hasita. Mendeurrenaren egitarauari hasiera emateko, agerraldi “xume bat” egingo dute larunbatean Jolas Etxearen atzeko partean (Añorga hiribidea, 44), 11:45ean. Gipuzkoako Foru Aldundiko, Donostiako Udaleko, Realeko eta Cementos Rezolako ordezkariak izango dira han, baita auzoko hainbat elkartetako ordezkariak ere. Urteko egitaraua aurkeztuko dute, eta salgai jarriko dituzte mendeurrenaren harira sortu dituzten produktuak.
1922ko abuztuaren 28an sortu zuten ondoren Añorgako KKE izango zen Club Deportivo Añorga. Gerora gehitu zioten “kultur” hitza, elkarteak kultur arloan ere eragin nahi zuela adierazteko. Gaur egun, bederatzi atal —futbola, saskibaloia, pilota, triatloia, mendia, dantza, erraldoi eta buruhandien konpartsa, bertsolaritza eta kultura—, 450 bazkide eta 1.000 kirolari ditu elkarteak, eta auzoko jaietako batzordea ere badauka, nahiz eta azken bi urteotan ezin izan dituzten jaiak antolatu.
“Añorgako auzo bizitzaz arduratzen den elkartea da Añorga Kultur eta Kirol Elkartea. Auzotarrak proiektu berera biltzeko bokazioa izan du sorreratik, eta, besteak beste, noizean behin auzolanak ere antolatzen ditu Añorgako azpiegiturak txukuntzeko”, nabarmendu dute elkartekoek.