Ahaztu behar ez diren 30 emakumeren historia ezagutzeko azken egunak

Emakundek uztailaren 1ean inauguratu zuen ‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, eta etzira arte egongo da ikusgai.

_30_EMAKUME_AHAZTEZIN_ '30 emakume ahaztezin' erakusketa. (Argazkia: Goiena)

Historian oso garrantzitsuak izan diren emakume ugari daude bizitzaren arlo guztietan, baina gehien-gehienek ez daukate merezi duten aitorpena gizartean; are gehiago, asko erabat ezezagunak dira herritar gehienentzat.

Horregatik, Emakunde elkarteak 30 emakume ahaztezin erakusketa antolatu du, eta uda ia guztia darama Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan ikusgai. Idazketan, bertsolaritzan, margolaritzan, argazkigintzan, kirolean, musikan, fisikan, politikan, kazetaritzan, ikerkuntzan, irakaskuntzan eta beste arlo batzuetan garrantzitsuak izan diren emakumeen ibilbidea aitortzen du erakusketak. Igandera arte egongo da ikusgai, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Bizenta Mogel, Ernestina de Champourcin, Angela Figuera, Maria de Maeztu, Julene Azpeitia, Carmen Adarraga, Josepa Zubeldia, Mari Jose Urruzola eta Maurizia Aldaiturriaga dira omendutako emakumeetako batzuk, eta donostiar batzuk edo Donostiarekin lotura estua izan zuten emakume batzuk ere badaude: Mentxu Gal, Lourdes Iriondo eta Katalina Eleizegi, esaterako. Elena Ciordiaren akuarelen bitartez omendu dituzte emakume horiek guztiak. Era berean, erakusketan ez direnez sartzen omenaldia merezi duten emakume guztiak, bisitariak erreferente diren beste emakumeak berreskuratzera gonbidatu ditu Emakundek.

HITZAkide HITZAkide