"Gerrak berekin dakartza suntsiketa, erreketa, hilketa, eta izurriteak"
Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak 1813ko abuztuaren 31n gertatutakoa gogoratzeko antzerkia egingo du bihar, Trinitate plazan. Josean Catalan eta Jexux Arrizabalaga elkarteko kideek nabarmendu dute sarraskiaren osteko tifus epidemiak 2.000 lagun hil zituela.
Asteartean 208 urte beteko dira Donostia suntsitu zutenetik. Abuztuaren 31ren harira, zer antolatuko duzue aurten?
Josean Catalan (J.C.): Ekitaldi nagusia bihar izango da, antzerkia. Normalean ibiltaria egiten duguna, Trinitate plazan izango da, 21:00etan. Gero, urtero bezala berri papera aterako dugu, eta mila ale banatuko ditugu bihartik asteartera arte. Panel batzuk ere jarriko ditugu San Bizente elizako hesian. Urtero Zuzi Martxa deitzen diogun egitasmo bat egiten dugu, baina aurten ez dugu egingo, osasun neurriengatik.
Lan eragingo zizuen beti ibiltaria izan den antzerkia Trinitate plazara egokitzeak, ezta?
J.C.: Bai, dezente. Esketxak berdinak izango dira. Azalduko dugu sarraskiaren aurreko egunak nolakoak izan ziren, sarraskia bera, eta ondorengo egunak. Leku finko batean egiteak exijitzen du denborak eta mugimenduak neurtuago egotea, eta lana ekarri du; baina aterako da.
Ikuskizuna ikusteko izena eman behar da?
J.C.: Ez. Sartu eta bete arte izango da. Aulkiak distantziak mantenduz kokatuko ditugu, eta betetzen direnean, gehienezko pertsona kopurura iritsiko gara.
Berri paperetan eta karteletan zer nabarmenduko duzue?
Jexux Arrizabalaga (J.A.): 1813ko suntsiketa horren ondoren, handik hilabeteetara, soldaduak eta zaurituak zeuden ospitaletan sortu zen tifus epidemia handi bat, eta horrek eragin zituen 2.000 hildako. Guk informazio hori jaso genuen 2013an Adrian Hugo Aginagalde Llorente mediku donostiarrak emandako hitzaldi batean: bera izan zen izurrite horren berri eman zuen lehenengoa. Azaldu zuen soldaduek – bai Napoleonen armadakoek, bai soldadu ingeles, portugaldar eta espainiarrek – eragindakoa izan zela, eta beraiek barreiatu zutela bizi ziren erietxeetan. Hemengo zaurituak ere hara eraman zituzten, eta badirudi han zabaldu zela. Tifusa arkakusoen eta zorrien bidez barreiatzen da, eta soldaduek arropa zikinetan zekarten hori. 2.000 hildako izan ziren soldaduen uniformeen bidez zabaldutako tifusaren bidez. Gainera, Donostian bizirik atera zirenak ia arroparik gabe atera ziren, arropak kendu zizkietelako. Ia larrugorritan atera ziren Donostiatik. Beraz, ez zen barreiatu Donostiako setioan bizirik atera zirenengandik, baizik eta soldaduengandik. Pandemia garaian gaudenez, hori nabarmendu nahi izan dugu aurten. Ez da orain gertatu den gauza bitxi bat; historian zehar horrelako epidemiak gertatu dira, eta horri eman nahi diogu aurten bereziki garrantzia.
Beraz, ulertu daiteke tifusaren ondorioz hildako pertsona kopuru hori gehitu beharko litzaiokeela sarraskian hildako kopuruari.
J.A.: Noski. Gerrak berekin dakartza suntsiketa, erreketa, hilketa, eta epidemia eta izurrite horiek. Gaur egun, berdin gertatzen da.
1813ko abuztuaren 31n gertatukoa genozidio bat izan zela esan izan duzue.
J.A.: Badirudi badaudela irizpide batzuk genozidioa tipifikatzeko. Horietako bat da hildako kopurua kontuan hartzen duena, eta parametro horren barruan Donostia sartzen da. Hiribilduan 5.000 pertsona hil zituzten, eta hiribildutik kanpoko baserrietan beste 5.000. Dena dela, guk ez diogu hainbesteko garrantzia ematen definizioari.
Bi mende pasa eta gero, ondo kontatu digute abuztuaren 31 hartan gertatu zena?
J.C.: Ez. Ni elkarte honetan sartuta nago horregatik. Ni Abuztuaren 31 kalekoa naiz. Txikia nintzenean, kandelak jartzen ziren balkoietan, eta jaiak ziren: sokamuturra zegoen. Gero, kandelak jarraitu ditugu jartzen kaleko bizilagunek, baina ikusi genuen nola hasi ziren danborradak ateratzen egun horretan, soldaduak tiroka… Nik uste dut ez dela kontatu Donostian gertatu zena: erre zen eta eraiki zen. Askoz gehiago ez da esaten. Panorama horretan, 200. urteurrena iritsi zen. Parafernalia militarista baztertuz, donostiarrei benetan gertatutakoa eta benetan garrantzitsua dena kontatzeko helburuarekin sortu genuen Donostia Sutan 1813-2013 elkartea.
J.A.: Kontua da hau salatu behar dela. Jendeak ez du ezagutzen gertatu zena. Etengabe azaldu behar dugu genozidio bat izan zela, ehunka zibilen hilketak azaldu behar ditugu. Militarrak herritarren kontra izan ziren.