"Interneten ziri onak sartzen dizkizuete... Itxurakeria handia, baina berme gutxi"
86 urteko ibilbideari agur esango dio Mairena dendak udazkenean. Carmela Calvo eta Luis Briones urte luzez aritu dira maletak, aterkiak eta denetariko larrukiak saltzen Secundino Esnaola kalean. Gogotsu hartuko dute erretiroa, baina arduratuta dauzka Groseko saltoki txikien egoera txarrak.
Mairena denda itxiko duzue. Zeintzuk dira zuen sentipenak?
Luis Briones (L.B.): Sentipen arraroak ditugu. Urte asko pasa ditugu hemen. Negozioak 86 urte ditu. Nire emaztearen aitaren osaba batek sortu zuen, eta orain arte jabea nire emaztea izan da. Erretiroa hartzeko gogoa dugu, egia esan.
Horregatik itxiko duzue denda?
L.B.: Bai. Asko gustatuko litzaiguke beste norbaitek negozioa hartzea, baina oraingoz ez da inor aurkeztu. Irailaren bukaerara arte bertan izango gara, eta ea norbait etortzen den. Ez da gauza bera negozio bat hutsetik hastea, edo aurretik bezero fidelak zituen negozio bati jarraipena ematea.
Noiz ireki zen Mairena denda?
L.B.: 1935ean nire emaztearen aitaren osaba batek zabaldu zuen denda. Lehenago Mirakruz kaleko 1. zenbakian geunden, eta duela zazpi urte hona mugitu ginen, Secundino Esnaola kaleko 1. zenbakira. 1935ean hau larruki tailer bat zen. Autobus gidariek larruzko poltsatxo bat eramaten zuten kobratzeko, eta hemen egiten ziren. Zaldien gainean joateko zelak ere egiten zituzten hemen. Negozioa eraldatuz joan da, eta orain maleta, aterki eta larrukien saltoki bat da.
Irailaren amaierara arte likidazioan dituzue salgaiak?
L.B.: Zenbait deskontu ditugu orain, eta ondoren likidazioa egingo dugu. Erosteari utzi diogu, eta orain aspaldiko maletak ere salgai dauzkagu. 1959ko bat, adibidez.
Maleta motak asko aldatu dira?
L.B.: Noski. Gurpildun maletak ez ziren 1990eko hamarkadara arte agertu.
Maletek gurpilik ez zuten garaian, modu bereziren batean ekoizten zituzten arinagoak izateko?
L.B.: Ez. Astunak ziren. Geltokietan maletazainak zeuden: beraien lana maletak eramatea zen. Hoteletako tramankulu horiek ere asko erabiltzen ziren maletak garraiatzeko.
Maleta egoki batek zein ezaugarri izan beharko lituzke?
L.B.: Handiek lau gurpil izan behar dituzte, eroso eramateko. Txikiak bi gurpilekoak izaten dira, eta tamaina zehatzak garrantzia du, hegazkinetan ez fakturatzeko. Guk Samsonite eta American Tourister etxeekin lan egiten dugu. Samsonitek bost urteko bermea ematen du; gainerakoek ez.
Zein da dendako bezeroen profila?
L.B.: Bizitza osoa hemen daramagu, eta horregatik, bezero gehienak Grosekoak dira. Amaran eta Erdialdean antzeko beste negozio batzuk badaude.
Turistaren bat ere gerturatuko zen noizbait…
L.B.: Asko etorri izan dira esanez ezin dutela maleta zabaldu pasahitza ahaztu dutelako.
Eta zuek soluzioren bat ematen diezue kasu horretan?
L.B.: Ezer ez! Soluzio bakarra 999 zenbakiekin probatzea da. Ez dago bestelako sistemarik. Hala ere, maletek zulotxo bat daukate, eta giltza orokor batekin zabaltzen dute AEBetako, Erresuma Batuko eta Australiako aduanetan, berrikusteko. Hamar maletako bi berrikustera derrigortuta daude aduana horietan.
Donostia hiri euritsua izanda, aterkiak negozio iturri ona izan dira, ezta?
L.B.: Bai, salmenten %30 aterkiak dira; %40 maletak dira, eta beste %30 poltsatxoak, karterak eta abar. Gure maletek hamar urte irauten dute, batez beste. Produktu onak saltzen ahalegintzen gara, prezio ertainekin: ez dira merkeak, baina askoz garestiagoak ere badaude.
[Carmela Calvo dendan sartu da].
Carmela Calvo (C.C.): Kaixo, egun on!
L.B.: Hau da dendako nagusia! Eta nire emaztea…
Carmela, aterki egoki batek zer izan behar du?
C.C.: Kalitatea, zer bestela! Gutxi gastatzen baduzu, gutxi ematen dizu!
Aterki txikiak modan daude?
C.C.: Udan gehiago saltzen dira. Neguan, berriz, aterki luzeak gehiago erosten dituzte, euri gehiago egiten duelako.
Aterkiak ondo salduko dituzue…
C.C.: Aterkiak saltzen ditugu euria ari badu. Bestela ez! Lehorte garaiak ezagutu ditugu, eta urteak egon gara aterkirik saldu gabe! Metereologiak eragiten du…
Auzoetako betiko saltokien egoera nola ikusten duzue?
C.C.: Logika. Jendeak erretiroa hartzen du, eta ez dio inork jarraipena ematen.
Eta zergatik gertatzen da hori, zuen ustez?
C.C.: Mantentzea oso zaila delako… Autonomo izateak sakrifizio handia eragiten du; mundu guztiak hilabete bukaeran soldata bat izan nahi du. Denda bat muntatzeak inbertsio handia eragiten du. Egiten dugun inbertsiorako, laguntza gutxiegi jasotzen ditugu.
L.B.: Asko saldu behar da negozioa mantentzeko.
Groseko bizilagunek zer egingo dute zuek gabe?
C.C.: Ba, ez dakigu! Niri pena handia ematen dit… Pena, zentzu horretan, e! Erretiroa hartzeko gogo handia dut. Kalitatezko produktua delako, prezio onargarriekin. Adin jakin bateko jendeak baloratzen du hori. Jende gazteak ez du baloratzen. Interneten ziri onak sartzen dizkizuete… Itxurakeria handia, baina berme gutxi. Baina begira, nik erretiroa hartuko dudanez, niri bost!