Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurreneko ospakizunei ekin diete
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak 99 urte bete ditu gaur, eta eguerdian mendeurreneko ospakizunei hasiera eman diete Jolas Etxearen atzean. Añorga KKEk antolatutako ekitaldian bizilagun ugari elkartu dira: kirolariak, kultur arloan dabiltzanak, kirol eta kultur elkarteko arduradunak, eta inguruko senide eta lagunak; Cementos Rezolako arduradunak, Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia eta Jokin Aperribai Realeko presidentea ere bertan izan dira.
“Ikasturte berri bati hasiera emateko bildu gara gaur hemen. 2022ko abuztuaren 28an ehun urte beteko dira gure Añorga Kultur eta Kirol Elkartea sortu zenetik. Mendeurrenak hala merezi duenez, egun bat eskaini beharrean, urte oso bat eskaintzea hitzartu dugu: urte oso bat omentzen eta ospatzen pasatzea. Ehun urte betetzea ez da nolanahiko marka. Ehun: azala, sarea… Ehun horixe egin dugu orain arte ere: ehuna josi, auzoa josi, auzotarrei eragiteko gune bat eskaini, kirol eta kulturzaleoi taldean aritzeko aukera eman. Hori izan zen kluba sortu zutenen bokazioa, eta horixe izan da gaur egun ari garenon helburua ere”, azaldu du Haritz Illarramendi lehendakariak.
Ehun hori irudikatzen duen logoa aurkeztu dute eguerdiko ekitaldian: Añorga KKEren ikur berria. Ondoren, elkarteko denetariko kirolarien eta kultur arloko lagunen ordezkariak omendu dituzte, eta Añorga KKEren bandera eta ikurrina Jolas Etxearen gainean igo ostean, topa egin dute auzotarrek.
Datozen hilabeteetan mendeurrenaren harira egingo dituzten ekitaldien berri eman dute. Irailaren 3an, gaztetxean reggae kontzertua izango da, Toto bizilagunaren eskutik, eta 4an, Orhi mendira martxa antolatu dute. Irailaren 25ean eta 26an, Picos de Europa mendilerrora (Asturias, Espainia) irteera antolatu dute. Klubeko triatloilariek Santa Klara uharteari buelta emango diote irailaren 11n, eta irailaren 30etik aurrera berriz zabalduko dute Cementos Rezola museoa. Urriaren 3an, Jakoba Errekondoren gidaritzapean, Añorgako sagastietatik mendi buelta bat egingo dute.
Hilabetero egitarauaren berri ematen joango dira klubekoak. Añorga KKEk antolatu du mendeurreneko egitaraua, auzoko denetariko elkarteen lankidetzarekin.
1.000 bazkide ditu Añorga KKEk
1922ko abuztuaren 28an sortu zuten ondoren Añorgako KKE izango zen Club Deportivo Añorga. Gerora gehitu zioten “kultur” hitza, elkarteak kultur arloan ere eragin nahi zuela adierazteko. Gaur egun, bederatzi atal —futbola, saskibaloia, pilota, triatloia, mendia, dantza, erraldoi eta buruhandien konpartsa, bertsolaritza eta kultura—, 450 bazkide eta 1.000 kirolari ditu elkarteak, eta auzoko jaietako batzordea ere badauka, nahiz eta azken bi urteotan ezin izan dituzten jaiak antolatu.