"Gazteon aurkako jazarpena eta auzoaren militarizazioa" salatu dute Parte Zaharrean
Parte Zaharra Aske plataformak deitutako manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Parte Zaharreko kaleetan, Errepresiorik ez! Alde zaharra bizirik! lelopean. Dozenaka lagunek Parte Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eta honakoak oihu egin dituzte: “Gazteak gara, ez terroristak”. “Ez, ez, ez, errepresiorik ez”, eta “Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu”. Parte Zaharretik zebiltzan turisten begiradapean ibili dira dozenaka lagun manifestazioan, “gazteon aurkako jazarpena eta auzoaren militarizazioa” salatzeko.
Pasa den asteko hainbat “gehiegikeria” salatu dituzte: “Identifikazio arbitrarioak egon dira uneoro, aurrekari penalak dituzten pertsonen zuzeneko atxiloketak eman dira, etxera zihoazen langile ugariren kontra ere oldartu dira zipaioak, eta gazte ugari jipoitu dituzte atxiloketen unean eta komisaldegian”, salatu du plataformak.
Adierazi dutenez, beraiena ez da “mozkor borroka”: “Errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu eta manipulazio mediatikoaren zein inpunitate polizialaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara”.
Honako irudiak utzi ditu manifestazioak: