Udalak Urgull mendia erosi zuenetik ehun urte igaro dira
Ehun urte igaro dira Donostiako Udalak Espainiako Gerra Ministeritzari Urgull mendia erosi zionetik. Pedro Zaragueta alkatea izan zen salerosketa negoziatu zuen alkatea, eta 1921ean erosi zuen udalak Urgull mendia.
XI. mendetik egon da gaztelu bat Urgull mendian, erabilera militarrarekin: defentsara bideratu dute mendia mende luzez. Hala ere, XX. menderako Urgull mendiko defentsa sistema zaharkituta zegoela eta, erabilera militarra alde batera uzten joan ziren, eta 1921ean Donostiako Udalak Espainiako Gerra Ministeritzari mendia erosi zion. Pedro Zaragueta alkatea izan zen salerosketa negoziatzen aritu zena.
Parke bilakatu zuten orduan, eta 1925ean Espainiako Parke Nazional izendatu zuten.
1936ko gerrak hiria aldatu zuen, Francisco Franco diktadore faxistaren garaipenaren ondorioz. Aldaketa horrek Urgull mendian ere eragina izan zuen. Izan ere, 1939an hiriko udal gobernu frankistak erabaki zuen Jesusen Bihotzaren omenezko eskultura erraldoi bat Urgull mendiaren tontorrean eraikitzea. 1950. urtean inauguratu zuten Jesusen Bihotza, eta eraikuntza lanez Pedro Muguruza arduratu zen, Erorien Harana egin zuen arkitekto frankista.