Egiako lur azpiko pasabidea irailean itxiko dute
Norteko geltokia Abiadura Handiko Trenaren geltokia bihurtzeko lanak aurrera doaz, eta Terminus hotela eta Mandasko Dukearen pasealekua lotuko dituen goiko pasabidea eraiki dute dagoeneko, eskailerekin eta igogailuarekin. Orain, ireki aurreko lanak egiten ari dira. Ekainaren hasieran Egia eta Erdialdea lotzen zituen trenbide gaineko pasabidea itxi zuten, eta ordutik, lur azpiko pasabidetik joan daiteke soilik alde batetik bestera. Aurreikusita dagoenez, irailean hori ere itxi egingo dute, eta eraiki berri duten goiko pasabidea izango da alde batetik bestera igarotzeko bidea. Hala ere, data zehatza oraindik ez du ETS Euskal Trenbide Sareak iragarri, baina irailan izango da.
Izan ere, pasabidea ireki ondoren, etorkizuneko geltokia, sarbideak eta abar hartuko dituzten pantailak induskatzeko lanei ekin ahal izango zaie. 2022ko udan amaitzea aurreikusten dute. Behin-behineko geltokiak eskailera finkoak eta igogailua izango ditu, eta Nestor Basterretxea plazan izango du sarbidea. ETSk adierazi duenez, aurreikusitako datak bere horretan mantentzen dira.
“Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren eta Tabakalera inguruaren egungo arkitekturan txertatzen da, eta, aldi berean, garraiobide ezberdinen arteko lotura bultzatuko du: aldiriak, abiadura handia eta autobusak. Gainera, trenbide zabalgune berriaren gainean, Tabakalerako eraikinaren lehen solairuaren parean, eraikiko den estalkiarekin, 5.723 m²-ko azalera duen espazioa sortuko da, eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko plaza publiko bihurtuko da. Eraikinetik bertatik zuzeneko sarbidea izango du”, azaldu du ETSk.