Frankismoak jazarritako Altzako azken udalbatza omenduko du Donostiako Udalak
Ekialdeko Barrutiaren eskaerari erantzunez, Donostiako Udalak frankismoak jazarritako Altzako azken udalbatza omenduko du aurreneko aldiz. Ekitaldia irailaren 11n izango da Altzako alkatetza zaharraren eraikinean. 1936an udalbatza osatzen zuten hamar zinegotzien eta alkatearen familiekin harremanetan jarri da udala, eta horien zortzi ondorengorekin hitz egitea lortu dute. Ekitaldian parte hartzeko gonbidapena egin diete.
Bi egun beranduago, irailaren 13an, Donostiako Udalak frankismoak eraildako eta desagerrarazitako herritarrak omenduko ditu Ijentea kaleko Dual eskultura parean. Hain zuzen ere, 1936ko irailaren 13an Errepublikaren kontra matxinatutako armada Donostian sartu zen. Udalak aurreratu duenez, ekitaldi xumea izango da osasun neurriak bete ahal izateko. Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak ohiko omenaldi propioa egingo du leku berean. Egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa eskatuko dute frankismoaren errepresaliatuentzat.