Iñigo Llopisek diploma eskuratu du estilo libreko 4x100 metro txandakakoan
Tokioko Paralinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi ostean, Iñigo Llopis igerilari donostiarra estilo libreko 4×100 metro txandakako finalean aritu da. Zazpigarren postuan bukatu du taldearekin batera; podiumeko postuetatik urrun, baina bere marka onenetik gertu. 4:00.71ko denbora egin dute, munduko errekorra egin duen Australiako taldearen 3:44.31 denboratik urrun.
Llopisek hirugarren postuan parte hartu du erreleboan, Jacobo Garrido eta Sergio Salvador Martosen atzetik, eta Jose Antonio Alcarazi eman dio lekukoa. Ez da gehien prestatu duten proba, hori aitortu du Llopisek. Horrez gain, donostiarrak adierazi du asko kostatu zaiola errekuperatzea, 100 metroko bizkar estiloan zilarrezko domina eskuratu zuen “jardunaldi gogor eta zirraragarriaren ostean”.
Estilo libreko 400 metroko proba
Tokioko Aquatic Centren eguneko azken proba izan den finalaren ondoren, Llopis indarrak berreskuratzera joan da. Izan ere, bihar goizeko 9etan (02:00etan Euskal Herrian), izango du estilo libreko 400 metrokoan sailkatzeko saioa, eta finalean sartuz gero, 17:00etan ariko da (10:00etan Euskal Herrian). Bestalde, irailaren 3an 4×100 metro estiloetan lehiatuko da.