Martxa hartzen hasi da Reala
Larunbateko garaipenarekin, Realak bi partida irabazi ditu jarraian, eta bere bertsio onenera heldu ez bada ere, pixkanaka eroso sentitzen ari da zelaian. Arraunean, Donostiarrak denboraldi ona egiten jarraitzen du.
Alexander Sorlothek debuta egin zuen larunbatean Levanteren aurka. (Argazkia: Reala) Joko bereziki erakargarria egin gabe eta gol aukera asko sortu gabe, baina joan den astean gertatu zen moduan, hiru puntuak Anoetan gelditu ziren larunbatean, Realak 1-0 irabazi baitzion Levanteri. Partida nahiko geldoa izan zen, eta Barrenetxea izan zen eskuin hegaletik etengabe geldotasuna hausten saiatu zen jokalari bakarra. Hain zuzen, harrobikoak egin zuen neurketako gol bakarra, Silvarekin jokaldi bikain bat egin, eta bere jaurtiketak Levanteko atzelari batean jo ostean. Aurretik, Oiartzabalek gol aukera oso argi bat izan zuen, baina baloia kanpora bidali zuen; ez zen fin ibili Eibarkoa.
Partidaren azken minutuetan, zelairatu berria zen Robert Navarrok asko parte hartu zuen txuri-urdinen jokoan, eta gol bat egiteko aukera ere izan zuen, baina baloia zutoinera bidali zuen. Sorlothek ere debutatu zuen, eta gol aukera argi bat izan zuen, baina debutaren urduritasunaren edo zorte txarraren eraginez, jaurtitzerakoan irrist egin zuen, eta baloia kanpora bidali zuen. Azkenean beste hiru puntu Alguacilen taldearentzat, eta pixkanaka sentsazio onak berreskuratzen.
Sansek ere Anoetan jokatu du asteburuan, baina igandean. Fuenlabrada hartu zuten etxean Xabi Alonsoren mutilek, eta partida on bat jokatu zuten, bereziki Karrikaburuk eta Turrientesek. Ordea, ez madrildarrak eta ez donostiarrak, ez ziren gai izan markagailua mugitzeko, eta 0-0-koarekin amaitu zen partida. Sansek erritmo onarekin jarraitzen du ligan.
Arraunean, Donostiarra ur galiziarretan aritu da asteburuan; Aresen larunbatean eta Moañan igandean. Larunbatean, bigarren izan zen bere txandan, eta hirugarren sailkapen orokorrean, 20:15,64 minutuko denborarekin, lehenengo sailkatutik, Santurtzitik, 18,70 segundora. Igandean, aldiz azkena izan zen bere txandan, baina seigarren gelditu zen sailkapen orokorrean, 19:50,64 minutuko denborarekin; Santurtzitik (lehenengo sailkatua) 19,64 segundora gelditu zen. Horrela, ligako sailkapenean hirugarren postuan jarraitzen du.
Eskubaloian, Bera Berak libre izan du asteburua, baina bihar, hilaren 31n, jokatuko du Egiako Eskubaloi Txapelketa, Merignacen aurka, 19:00etan.

