"Gauzak ondo atera dira eta ez dugu ezer bertan behera utzi"
Abuztuko azken eguna dugu gaurkoa, eta amaitutzat jo du udalak Abuztua Donostian egitasmoa. Hilabete osoan zehar denetariko ekitaldi kulturalak antolatu dituzte hirian, eta Jon Insausti zinegotzia elkarrizketatu dugu, balorazioa egin dezan.
Abuztua Donostian egitasmoaren zer nolako balorazioa egiten duzu?
Gauzak ondo atera dira, eguraldiak bat egin du gurekin eta ez dugu ezer bertan behera utzi. Publikoaren aldetik oso ondo joan da: ikuskizun gehienetan edukiera bete egin dugu, zineman izan ezik. Haurrentzako ikuskizunak arrakasta handia izan dute auzo guztietan. Herri kirolek beraien betiko ikuslegoa izan dute, eta Aste Nagusiko ekintza funtsezkoek oso ondo funtzionatu dute: txistulariak, erraldoiak –nahiz eta erakusketa izan–, emakumezko estropada, gastronomia lehiaketak, bertsolariak… Auzoetan antolatu ditugun ekitaldiek harrera ona izan dute nahiz eta auzokideak abuztuko oporretan egon. Auzokideak oraindik ez dira ohitu abuztuan auzoetan ekintzak egotera…
Aste Nagusia izango zen astean jende gehiago ibili da?
Bai, nabaritu da Parte Zaharrean behintzat jende askoz gehiago zebilela. Horregatik uste dugu oso erabaki ona izan dela bakarrik herri kirolak programatzea egun horietan Parte Zaharrean.
Orain arte, zein izan da ekitaldi izarra?
Dudarik gabe, Feriala. Jendeak “festa giroa”, etxetik ateratzea, errutina aldatzea… beharrezkoa zuela nabaritu dugu. 130.000 pertsona baino gehiago hurbiltzeak nahi hori erakusten digu.
Barraken zer nolako balorazioa egiten duzue?
Oso ona: gauzak behar ziren bezala antolatu dira, eta Osasun Sailetik ere esan digute kutsatzeek ez dutela gora egin ferial ondorengo egun eta asteetan. Ferianteentzat arnasa hartzea izan da, eta etorkizunari beste era batera ekingo diote. Nerabeek ere bere aisialdia betetzeko aukera izan dute. Familia giroa ere egon da. Argi dago behar diren neurriak hartuta ekitaldiak aurrera eraman daitezkela.
Edukiera neurtzeko panelek ondo funtzionatu dute?
Lehenengo bi egunetan neurketak egin behar izan ziren, baina hortik aurrera dena oso ondo joan da.
Erraldoien erakusketak nolako harrera izan du?
Primerakoa.
Aurreko urtearekin alderatuta, zertan egin du hobera aurtengo programazioak?
Desberdina izan da. Ez hobea, ez okerragoa. Denetarik egon da (beti bezala) eta “aforoa bete arte” egindako kontrolak oso jende gutxi utzi du kalean –iaz gonbidapena behar zen, hauek segituan agortzen ziren, eta azken unean jendeak huts egiten zuen eta ezin zen bete–.
Zerbaitetan autokritikarik egin duzue? Akatsik izan da?
Gazteen lehiaketa gastronomikoa aurrera eraman zen 3 bikoteekin; aldaketak behar dira aurrera eraman nahi badugu. Zinemak auzo batzuetan ez du funtzionatu, agian egitaraua ez da aproposena izan.
Osasun neurriak bermatzea lortu da?
Uste dugu baietz. Osasun Sailetik ere horrela adierazi digute.