1813ko abuztuaren 31n hildako donostiarrak oroitu dituzte
Eneko Goia alketea eta udal talde guztietako ordezkariak izan dira abuztuaren 31ko lore eskaintzan. (Argazkia: Beñat Parra) Pandemiarekin ere, Donostiako Udalak 1813ko abuztuaren 31ko sutea eta sarraskia gogoratu ditu ditu gaur, gertakariaren 108. urteurrenean. Iaz egin zuten moduan, aurten ere ezin izan dituzte ohiko jarduerak antolatu, baina egitarau xume bat garatu dute, eta sarraskian hildakoak gogoratu dituzte gaur Portaletasen, hiriko harresi zaharra zegoen tokian.
Udaleko txistulariek eta militar anglo-portugaldarrez jantzitako hainbat lagunek lagunduta, Eneko Goia alkateak eta udal talde guztietako ordezkariek lore eskaintza egin dute, kaian aurreskua dantzatzen zuten bitartean.
Oraindik hainbat jarduera gelditzen zaizkio udalari gaur egiteko: 19:00etan, Donostia Uda Hartan. Donostiako setioa hitzaldia emango du J. M. Leclercq Saizek San Jeronimo kaleko kriptan, eta 20:30ean, 1813ko sarraskia gogoratzeko kontzertua emango dute San Bizente elizan. Easo, Santa Cecilia eta Gaztelupe abesbatzek, txistularien udal taldeak, Aiert Beobide eta Irati Sorondo dantzariek, Oscar Cornejo organojoleak eta Andoni Aleman errezitatzaileak hartuko dute parte kontzertuan, eta aurkezten, Xabier Otaegi arituko da. 21:30ean, kanpai hotsak entzungo dira hiriko erdigunean, eta urteroko legez, aurreikus daiteke Abuztuak 31 kalean bizi diren herritarrek kandelak piztuko dituztela.
Bestalde, Donostia Sutan 1813-2013 elkartea ere duela 108 urte gertatutakoa oroitzen ari da egunotan, eta, besteak beste, gertatutakoa erakusten duen antzerkia egin zuten larunbatean Trinitate plazan.

