Kontxako pasealekuan bidegorri zati berri bat eraiki eta oinezkoen espaloia zabalduko dute
Donostiako Udalak Kontxa inguruan egingo diren hiru hirigintza proiekturen kontratu bateratua adjudikatu dio Moyua eraikuntza enpresari. Bederatzi hilabeteko epea izango dute lanak egiteko, eta aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da. Ondorengoak dira egingo dituzten lanak: Kontxako pasealekuko bidegorriaren proiektua, kostaldeko horma konpontzeko eta handitzeko proiektua, baranda ordezkatzeko proiektua, eta San Martin eta Zubieta kaleen zirkulazioaren norabidea aldatzeko proiektua.
Kontxako bidegorri zati berriaren aurrekontua 719.952 eurokoa da. Guztira, 294 metroko luzera eta hiru metroko zabalera izango du. Proiektu honen bidez, udalak lehentasuna oinezkoei eman nahi die, bizikletaren erabilera sustatuz, garraio publikoaren igarobidea erraztuz eta zirkulazioaren abiadura murriztuz. Horrekin batera, oinezkoentzako espaloia zabalduko dute Mirakontxatik Flemingen omenezko eskultura dagoen lekuraino. Gainera, 85 tamarindo landatuko dituzte tarte horretan.
Kostaldeko hormaren eta Kontxako barandaren proiektuari buruzko obrak 874.771 euroko aurrekontua du, eta kaltetutako eremua konpontzeko beharrari erantzuten dio; izan ere, eremu hori itsas ingurune oldarkorraren eraginpean luzaroan egoteaz gain, jatorrizko materialekin bat ez datozen elementuekin konpondu izan baita.
Mugikortasunetik proposatutako esku hartzeei dagokienez, batetik, San Martin eta Zubieta kaleak gurutzatu behar dira Zubietako Plazaren erpinean, Kontxako pasealekutik Donostiako erdigunera sartzen diren ibilgailuek Zubieta kalerantz jo dezaten, eta, bestetik, Donostiatik ateratzeko San Martin kaletik doazenek Kontxako pasealekurantz jo dezaten. Arrasate, Triunfo eta Blas Lezo kaleen norabideak ere aldatu egingo dira. Horretarako, berritu egin behar dira ingurune horretako zintarriak eta zoladurak, bai eta aldaketek eragindako hustubideak ere.
Beharrezkoa da, halaber, Ibaetako bulkadaren hodiak luzatzea, egungo karga-hausturako kutxatilaren (Eguzki Klubaren aurrean) eta Zubietako plazaren artean, hain zuzen ere, San Martin eta Lertsundi Jeneralaren kaleen elkargunean. Proiektu honek barne hartzen ditu Añarbeko Uren Mankomunitatearen jarduketak, proiektuaren data berean onartutako lankidetza hitzarmenean jasotakoak.