Illunbek laster utziko dio txertodromo izateari
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko txertaketa guneen “berrantolaketa” prozesu bat abiatu dutela laster, horren bidez txertodromoak ixteko; tartean Donostiakoa, Illunbeko txertodromoa. Koronabirusaren aurkako txertaketa prozesua oso aurreratuta dagoelako hartu dute erabaki hori: soilik 12 urtetik gorako 200.000 biztanle inguru gelditzen dira inmunizatzeko. Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %70a baino gehiago inmunizatuta dago jada, eta Hego Euskal Herriko datuak —Osakidetzarenak eta Osasunbidearenak— aintzat hartuta ere gauza bera gertatzen da.
Txertodromoen erabilera “arrakastatsua” izan dela nabarmendu du Sagarduik, baina adierazi du “logistikaren eta antolaketaren aldetik ahalegin handia” eskatzen dutela halako instalazioek. Horregatik, 12 urtetik gorako herritarren txertaketa prozesua “aste gutxi batzuetan” bukatu ahal izango dela azpimarratu du, eta, beraz, txertaketa guneak berrantolatu egingo dituzte, “egungo egoerara egokitzeko”. Hala ere, sailburuak ez du zehaztu noiz gauzatuko duten Illunbeko eta gainontzeko txertodromoen itxiera. Aipatzekoa da Illunbeko txertaketa gunea zertxobait murriztu zutela dagoeneko joan den astean, Gipuzkoa Basket entrenamenduetara itzuli denez, beheko partean txertatzeko instalazioak kendu eta saskibaloi zelaia jarri baitzuten.
2021. urtearen hasieran ireki zuten COVID-19aren aurkako Illunbeko txertodromoa, eta milaka herritarrek jaso dute botika han. Hedabide honek zezen plazako txertaketa nolakoa den aztertu zuen uztailean argitaratutako erreportaje zabal batean.