Irekiak Gallery Weekend aurkeztu dute Tabakaleran
Tabakalerak, Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE), Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren asteburuan izango den Irekiak Gallery Weekend aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Irailaren 10etik 12ra bitartean arte garaikidea protagonista izango da hirian eta erakusketa-denboraldiaren irekierari hasiera emango dio.
DAGGE elkartea osatzen duten sei galeriek zazpi mostra jasoko dituzte: Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrián, Ekain eta Kur. Bestetik, Tabakalerak bi erakusketa jarriko ditu abian: Zin Ex. Gorputza eta arkitektura eta Chris Kraus.
Irekiak DAGGE-k antolatutako lehen ekimena da eta Tabakalera eta hiriko gainerako eragileekin lankidetzan sortu dute. Madrilgo Gallery Weekend, Parisko Gallery Weekend eta Berling Art Week ekimenen antzera, Irekiak-ek egitarau zabala izango du eta hiriko arte-galeriak zeharkatzen dituen ibilbidea egiteko proposamena luzatzen du. Goizeko 11:00etan eta 17:00etan izango dira bisitak eta aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako Irekiak-en webgunean sartu beharko da eta laster jarriko izango da eskuragarri.
Horrez gain, Irekiak-ek lau erosketa-sari izango ditu eta horiek irailaren 10ean ezagutaraziko dira. San Telmo Musoeak, Modus Vivendi bildumak, JNSL Bildumak eta Laboral Kutxak erosiko dituzte elkarteko galerietako erakusketetako lanen artean lau.
Azkenik, Kursaaleko fatxadak Jaime de los Ríosek Medialab Tabakaleraren laborategian sortutako Crimson Waves pieza hartuko du asteburuan. Lana Kursaal Jauregia inguratzen duten olatuen mugimendua eta kolorean inspiratuta dago.
Natura eta hiria, olatuak eta erreflexuak bateratuko dira koreografia hibrido zibernetko batean. Instalazioak 25 minutuko iraupena izango du eta ilunabarretik gauerdira arte ikusi ahal izango da irailaren 10, 11 eta 12an.