Tokiko produktu ekologikoen azoka egingo dute asteburuan Donostian
Hogeigarren aldiz, tokiko produktu ekologikoen azoka egingo dute larunbatean, hilaren 4an, Bulebarrean. Biolur Elkarteak eta Landaola Landa Garapeneko Elkarteen Federazioak antolatu dute azoka, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesarekin.
Hogei bat ekoizlek euren produktuak eskainiko dituzte azokan, eta askotariko produktu freskoak, tokikoak, sasoikoak, osasungarriak eta ekologikoak erosi ahal izango dira. Besteak beste, sasoiko barazkiak, pasta, txerrikiak, olioa, marmeladak, ogia, gozoak, eztia, gazta, kontserbak, ardoa, baratxuriak, lekaleak, haziak eta arropa jarriko dituzte salgai. “Halako ekimenak aukera aparta izaten dira elikagai ekologikoak zuzenean aukeratzeko eta ekoizleekin zuzeneko harremana izateko. Gero eta aukera gehiago dago ekoizle gehiago ari direlako eredu ekologikora batzen, eta hori poztekoa da”, adierazi dute antolatzaileek.
Era berean, Biolurrek bazkideak lortzeko kanpaina bat abiatu du: “Ekoizleak eta herritarrak eskutik joan behar direlako ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren bidean, eta beraz elkartera herritar gehiago batzea nahiko genuke”.