"Asko gustatzen zait antzerkia egitea eta kaskarina izatea"
Sara 10 urterekin Donostiara etorri zen neska bat da. Brava disko jartzailea da, estilo berezikoa. Pottoka abeslaria da, haurtzaindegiko abestiak eredu dituena. La Cocinerak ibilbide gastronomikoak egiten ditu. Sara, Brava, Pottoka eta La Cocinera pertsona beraren lau alderdi dira. Sara Delgado artista da, eta gauzak adierazi nahi ditu. Jostaria da: "Jolas egin, jolas egin ezazue, mesedez!".
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Ni Sara naiz, baina Brava ere banaiz, DJa naizelako: hori da nire izena DJ moduan. Pottoka ere banaiz, nire abeslari aldea: orain jaio da. Gauza asko naiz. Nola deskribatzen dudan neure burua? Ba, nik adierazi egin nahi dut. Flacak musika jartzen ikasteko aukera eman zidan, gozatzen ikusten ninduelako. Orduan, musika jartzen hasi nintzen eta deskubritu nuen asko gustatzen zaidala musika, dantzatzea, eta mugitzen adieraztea neure burua. Beti abestu nahi izan dut, eta orain hasi naiz. Zinema ikasi nuen, eta orduan, bideoen bidez gauzak adieraztea ere gustuko dut: jendea grabatuz eta neure burua grabatuz adierazten dut. Denetarik egitea gustatzen zait.
Sara, Brava eta Pottoka pertsona bera dira?
Bai. Hori orain ari naiz deskubritzen. Nor naizen esperimentatzen ari naiz orain. Gero, abeslari alderdian, La Cocinera ere badago, ibilbide gastronomikoak egiten dituena. Nire barruan dagoena ikertzen ari naiz oraindik, barruan gauza asko ditudalako, bat direnak aldi berean. Alderdi asko ditut nire barruan: lasaiago bat, aseezinago bat, esplizituago bat, zakarrago bat, alaiago bat…
Noiz hasi zinen zeure burua artearen bidez adierazten?
Txikitatik. Zorte handia dut: aita argazki zuzendaria da, eta zineman lan egin du; ama, berriz, zinemako figurinista da, arropa arduraduna, eta arte zuzendaria. Orokorrean, kristoren artista da: denetarik egiten du. Laboa nire amonaren anaia zen… Beraz, musika, argazkilaritza, bideoak, zinema, arropa, antzerkia… txikitatik hor egon dira, eta zorte handia izan dut nire gurasoek ez dizkidatelako inoiz hegoak ebaki neure burua adierazterako orduan. Eta hori zorte handia da.
Noiz erabaki zenuen barruan daukazuna modu profesional batean adieraztea?
Berez, bideoen bidez adierazten nuen neure burua, zinema ikasten nenbilenean. Orduan izan zen Flacak esan zidanean: “Aizu, uste dut gustuko izan dezakezula musika jartzea”. Horrela, musika jartzen hasi nintzen, baina abestiak egiten nituen, niretzat bakarrik, lotsa ematen zidalako erakustea. Batxilergoaren ondoren, zera pasatu zitzaidan, tipikoa: esaten nuen, “zer egingo dut? Zer ikasiko dut?”. Ba, zinema, nire gurasoek egin dutena, eta gainera, txikitatik aritu naiz bideogintzan. Gero, musika jartzen eta abesten hasi nintzen. Pandemian nire amarekin pasatu nuen itxialdia, eta mozorrotzea gustatzen zaidanez, esan nion: “Ama, egingo didazu txanotxo bat?”. Eta esan zidan: “Ikasi zuk”. Horrela sortu zen Goxoki Denda proiektua, josten ikasi dudalako eta kamisetak, txanotxoak eta belarritakoak egiten ditudalako. Neure burua adierazteko beste modu bat aurkitu dut Goxoki Dendan.
Zein musika estilo jorratzen dituzu?
Orain gehien entzuten ditudanak haurtzaindegiko abestiak dira, baita pailazoen abestiak ere. Bestalde, Erresuma Batuko garage musika, cyberpopa, afrofusioa eta abesti azeleratuen birnahasketak ere entzuten ditut; barraka batean sentiarazten nauten estiloak, hain zuzen.
Abesten hasi berria zara, edo beti abestu izan duzu?
Bai, baina neure buruari abesten nion. Haurren abestien melodiak asko gustatzen zaizkit. Hasiera batean neure burua bultzatu nuen trap musika egitera, hori zelako entzuten zena, eta alienatuta nengoenez, uste nuen hori zela integratzeko egin behar nuen musika. Poemak idaztea gustatzen zait, eta orain ikusi dut poema bat rap edo trap estiloan abestu ordez, gustukoago dudala era alai batean abestea. Orain Laboa asko ari naiz entzuten, ikusi nahi dut bere eromena nondik datorren…
Zer ikasi zenuen Flacarekin?
Berak esan zidan pendrive bat eramateko nire musikarekin. Abestiak jarri nituen, eta erakutsi zidan nahasketak nola egin. Betidanik dantzatu izan dut, eta erritmoa barruan daukat. Horregatik, ez zitzaidan zaila egin nahasketak egitea. Asko gustatu zitzaidan abestiak nahastea, eta gero agertokian jendearekin asko gozatu nuen. Ni motibatuta nengoen, eta jendea ere bai… Euforia handia sentitu nuen.
Dantza ere gauzak adierazteko modu bat da?
Atera egiten zait. Hala ere, landu nahi dudan zerbait da. Asko mugitzen naiz, baina ez naiz ondo mugitzen, hau da, gorputza izorratzen dut. Gorputza astintzen dut, ez dut dantza egiten. Gorputza mugitzen adierazten dut neure burua, baina dantza gehiago landu nahi dut.
Dabadaba aretoan DJ egoiliarra izan zara, ezta?
Bai, hor hasi nintzen. Barran lanean ere hasi nintzen, eta ostegunero han izaten nintzen. Asko programatu ninduten: “Datak jarriko dizkizugu egurra eman diezaiozun”, esan zidaten. Ikusi nuen jendeari gustatzen zitzaiola, eta gero Madrilera joan nintzen. Madrilen Dembooty Club izeneko kolektibo bat daukat. Festak antolatzen ditugu, eta orain irratia egiten hasiko gara.
Orain publikoaren aurrean abesten hasi zara. Hori DJ lanarekin uztartuko duzu?
Guztia nahastu nahi dut. Beste artista batzuen musika nahastu eta partekatzea gustatzen zait, eta aldi berean, neure abestiak abestea. Orain ausartu naiz abesten. Pandemiako azken urtean gauza asko adierazi ditut kantuaren bidez. Alderdi komiko eta alai bat daukat, eta hasiera batean zentsuratu egiten nuen uste nuelako ez zela serioa. Baina orain ikusi dut hori naizela ni: egin dezaket abesti bat esanez oso triste nagoela, edo beste bat barrea eragiteko, edo beste batzuk esanez txakur bat naizela edo katu bat. Orain, beraz, ni neu izateko beldurra kendu dut, behin baino ez baikara biziko. Nik abestu nahi dut. Nire lagunei abestiak pasatzen nizkien eta esaten zidaten: “Abesti hori atera behar duzu”. [Polboriñean abestu zuen lehen aldiz]. Beraz, Polboriña, giro ederra, nire jendea, nire familia… Aurrera.
Zein da zure asmoa etorkizunera begira?
Egin ditudan abesti guztiak ondo grabatu nahi ditut. Gainera, asko gustatzen zait antzerkia egitea eta kaskarina izatea, eta horregatik, ikuskizun bat antolatu nahiko nuke nire abestiak abesten, beste artisten abestiak nahasten, nire abestiak ere sartzen… Guztia nahastea gustatuko litzaidake. Etorkizunean abestiak ateratzea, bideoak zuzentzea, musikaren eta irudiaren bidez gauzak adieraztea asko gustatuko litzaidake.
Donostiako panorama musikala zer iruditzen zaizu?
Orain COVID-19aren pandemiarekin zaila dago musika jartzearen kontua: ez dago klubik dantzatzea debekatuta dagoelako. Zorionez, Polboriñean izateko aukera izan dut, eta lagunak ditut zenbait tabernatan, eta gauza txikiak egin ahal izan ditut Perlan, adibidez. Donostia oso txikia da, eta ondorioz, gerturatzen direnak nire lagunak edo lagunen lagunak izaten dira, baita nire familia ere. Oso zirkulu polita daukagu, eta sentitzen nauen jendea etortzen da, baita hainbeste ezagutzen ez nauen jendea ere, jarraitzen nauena.
Nolakoa da emakumea izatea mundu horretan?
Hasi nintzenean, zorionez, izan nituen emakumezko erreferenteak, Flaca izan nuen, adibidez. Baina Flacari kostatu zitzaion erreferente bat izatea, esaterako. Zaila da. Soinu teknikarien kontua ere gogorra da: zu zure lana egiten ari zara zure erara eta beraiek etortzen dira bizitza kontatzera, zuk baino gehiago dakitelako. Aspergarria da. Zorionez, gero eta neska gehiago daude alutik ateratzen zaiena egiten dutenak, eta asko pozten nau. Noski, asko dago aldatzeko eta aurreratzeko, baina ez dut aurrekoek bezain egoera zaila izan.
Horren harira ere sortu zen Krii Kolektiboa, ezta?
Krii Kolektiboa Bego Aldalur Frances Be eta Ines Garciak osatzen dute, eta sortu zuten gustura jarri nahi zutelako musika. Inork programatzen ez zituen neska zisgenero eta transgeneroak eta pertsona ez-bitarrak programatu nahi zituzten, eta espazio seguru bat sortu nahi zuten. Lasai dantza egin nahi dute, eta beraien genero edo sexu orientazioarengatik programatzen ez dituzten pertsonak programatzeko helburua dute.
Jatun ona zara?
Oso jatun ona naiz.
Askotan joaten zara goxoki dendara?
Bai, askotan joaten naiz. Orain nazka apur bat hartu diot beti joaten naizelako litxarreria bila belarritakoak egiteko, eta erretxinarekin nahasten ditudanez, nazka ematen hasi zait. Asko gustatzen zait jatea eta ikastea nola kozinatzen den. Hemengo janaria, produktu onak, naturalak… Donostian inspiratu naiz janari goxoa dagoelako!
Janariak inspiratzen zaitu artistikoki?
Bai. Egin dezaket abesti bat esanez: “Mmm”. Eta izan daiteke: “Mmm, bero nago” edo izan daiteke: “Mmm, tortila ogitarteko hori jango dut”. Musikalki inspiratzen nau: janariarekin lotura duten soinu asko egiten ditut, sukaldeko soinuak grabatzea gustatzen zait, gauzak frijitzen, kafea edaten… Arropa sortzeko ere inspiratzen nau. Goxoki Denda denda bat da, eta animalien txanotxoak egiten hasi nintzen mozorrotzeko. Asko inspiratzen naute Donostiako betiko lekuek, mundu guztia joaten den lekuek: Valleseko gildak, Otaegiko pantxineta, Paco Buenoko ganba… eta Kontxako Belen, beti egon dena Kontxan litxarreriak saltzen. Betiko gauzei omenaldi hori egitea gustatzen zait.
Omenaldi hori arroparen bidez egiten duzu?
Kamisetak egiten ditut gustuko ditudan pintxoen argazkiekin. Belarritakoak, adibidez, atun latak izaten dira.
Sare sozialetan asko zabaldu da Polboriñean egin zenuen Ibilbide Gastronomikoa. Zer da?
Nire lagun Markelekin nengoen egin nahi nituen kamiseten zerrenda bat egiten, dendarako. Konturatu ginen guztiak errimatzen zuela, eta esan nuen: “Bada garaia. Abestera, hori da eta egin nahi dudana”. Eta horrela sortu dut Ibilbide Gastronomikoa, leku guzti horiek izendatuz eta keinu bat eginez, Donostiako jendearen gehiengoa leku horietan egon delako eta sentitzen dituelako leku horiek. Asko gustatzen zait abestiak egitea jendeak sentitu ditzan, eta gauza zehatzak. Hau da, ez “Maiteminduta nago”, baizik eta “Paco Buenoko ganba jan dut eta gero lata batzuk edatera joan naiz kaira, mundu guztia bezala”. Orduan, asko gustatzen zait Donostiako jende guztiak egiten dituen eguneroko gauza horiek abestea. Aterako da, ez dakit noiz.
Belarridun txanoak nola otu zitzaizkizun?
Mozorrotzea oso gustuko dut: asko gustatzen zait animalia bat izan ahal izatea, jolastea. Gummo filma ikusi gabe neukan, baina txanotxoa zuen pertsonaia gustatzen zitzaidan. Ume txikiak belarridun txanotxoekin mozorrotzen dira, baina heldua zarenean ezin duzu egin ez delako serioa. Eta ez, merezi du barre egitea, gozatzea eta jolastea. Amak josten irakatsi zidan, eta txanotxoak egiten hasi nintzen.
Madrildik Morlansera etorri zen neskatila haren zerbait baduzu oraindik?
Orain askoz gehiago Peñaflorida institutuan sartu nintzenean baino. Etorri nintzenean nahiko askea nintzen, eta gero nerabezaroa etorri zen eta integratu nahia. Etorri nintzenean ikasteko gogoa nuen, eta uste dut orain neskatila horren antz handiagoa dudala Peñafloridako pija horrena baino, bere lagun pijekin integratu nahi zuena. Guztiz alienatuta nengoen, eta gero konturatu nintzen hori ez nintzela ni. Bailarinek mina ematen dute!
Presio soziala sentitu duzu, beraz.
Bai, noski.
Zure estiloa deigarria da, ordea. Nola bizi duzu hori?
Oso despistatua naiz, eta beti ahazten zait. Ez dit asko eragiten. Beti neurera joan naiz.
Askea zara?
%100ean ez, noski. Orain ausartu naiz kantatzera. Nire bizitzako helburua da izan nahi dudana izatea, eta hori gizarte honetan oso zaila da. Poliki-poliki saiatzen naiz, terapia egiten dut eta gero eta askeagoa naiz.
Txoria txori abestia asko gustatuko zaizu, beraz.
Bai, izugarri gustatzen zait. Ez duzu egunero inspirazio bera, eta Laboaren Txoria txori jarri nuen beste oinarri batekin, eta oso ondo geratu zen. Nire amonaren anaia zen, eta ez dakit haren zer daukadan. Asko gustatzen zait pailazo bat zelako, eta ni ere pailazo bat naiz. Jolas egin, jolas egin ezazue, mesedez!