"Auzotarron elkargunea da, eta elkarbizitza sortzeko helburua du"
2022an ehun urte beteko ditu Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak, eta auzotarrek ospakizunez beteriko urtea antolatzea erabaki dute. Pasa den larunbatean egin zuten mendeurrena ospatzeko lehen ekitaldia, eta auzotarrak, eragileak eta erakundeak gonbidatu zituzten bertara.
Cementos Rezola fabrikak garrantzi handia izan du Añorga auzoaren garapenean. Elkartearen sorrera ere fabrikako langileen arteko elkarrizketetatik hasi zen. Fabrikak langileentzako etxeak, ekonomatoa, zinema aretoa, Jolas Etxea eta beste hainbat azpiegitura eraiki zituen, eta komunitatea osatu zen bertan. Hainbat langile elkartzen hasi ostean, 1922ko abuztuaren 28an, azkenik elkartea sortu zuten.
Gaur egungo elkarteko lehendakariak eta lehendakariordeak ondo ezagutzen dute elkartearen ibilbidea, betidanik elkarteko kide izan direlako. Mende honetan zehar jarduera ugari antolatu dituzte. Hastapenetan, esaterako, krosa izan zen lehen jardueratako bat, eta ondoren, txirrindularitza. Hala, pixkanaka elkartea osatzen joan ziren. Hasieran kirol elkarte moduan izendatu bazuten ere, hasieratik izan ziren kultur ekitaldiak, eta dantza taldea sortu zen lehen urteetan.
“Denborarekin aldatzen joan dira gauzak”, azaldu du Haritz Illarramendi Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko lehendakariak. Hainbat talde desagertu egin dira eta berriak sortzen joan dira. “Gaur egun futbola, pilota, saskibaloia, triatloia, mendia, kultura, dantza eta buruhandi eta erraldoren konpartsa ditugu”, esan du Arantxa Soroa lehendakariordeak.
Pandemiaren mugak
Pandemiak, ordea, haien jarduna goitik behera mugatu du. “Gure helburua da jendeari elkartzeko espazio bat ematea, kirola taldean egiteko, edozein gaietan eragiteko… Jarduera soziala egiten dugu hemen, eta gertatu denak hori guztia debekatu du”. Zalantza ugari izan arren, ondo eutsi dio elkarteak eta ondo atera direla dio lehendakariak. Gaur egun, esaterako, 450 bazkide eta 1.000 kirolari ditu elkarteak.
Komunitateari ekarpena
Elkartea auzotarren elkargunea da, lehendakariaren arabera: “Herri batean udalak betetzen duen funtzio bera betetzen dugu guk auzoan. Auzotarron elkargunea da, eta elkarbizitza sortzea du helburu. Jendea elkartzeko balio du, bereziki kirolaren eta kulturaren bueltan”. Egiten dutena haientzat egiten dutela dio Soroak; izan ere, haiek nahi dutelako daude hor eta haien gogo eta beharren arabera antolatzen dira: “Guk auzoan gauzak egitea nahi dugu eta jende asko dago horri esker bizitza hemen egiten duena”.
Elkartea sortu zenetik gauza ugari auzolanean egin dira Añorgan, eta horrek belaunaldi ezberdinetako jendea nahastea eta komunitatea indartzea eragin du. Ospakizunak antolatzerako garaian ez dituzte ohitura onak galdu. 75. urteurrenean egin zenekoa erreferentziatzat izan dute 100. urteurrena antolatzeko garaian. Auzo guztiak parte hartu zuen garai horretan eta auzo mailako antzerki arrakastatsu bat dute denek gogoan.
Duela hiru urte, parte-hartze prozesu bat abiatu zuten, auzotarrei zer eta nola egin nahi zuten galdetu eta antolatzen hasteko. Bilera eta hausnarketa ugariren ostean, urtebete lehenago ospatzen hastea erabaki zuten.
Urte osoko ospakizun txikiz ospatuko dute elkartearen mendeurrena. Egitaraua antolatzen dabilen taldeko kidea da Gari Otamendi bizilaguna, eta bere hitzetan, ezin izan dute urtebeteko egitaraua itxi “pandemiak edozer zailtzen duelako”. Hala ere, “hezurdura nagusia” prestatuta daukate: “Jarduerak urtaroka banatu ditugu eta bakoitzari gai bat eman diogu: udazkenean sagarra bilduko da, sagardoa egiteko; neguan inauteria egingo dugu, zomorroen izurriei aurre egiteko; udaberrian sagardoa dastatuko dugu, eta uda, nola ez, festa, omenaldi eta ospakizunen aroa izango da”.
Bestalde, pandemiaren ondorioz ikasturteko jardun normalizatua egiteko zailtasunak izan dituzten arloak berpizten saiatu dira. Izan ere, hainbat jarduera bultzada beharrean daude; esaterako, pilota: “Antolakuntzan eta kudeaketan ari zen lantaldeak lekukoa ematea behar zuen, eta birrantolaketan ari gara”.
Besteak beste, dantza ziklo bereziak, hitzaldiak, omenaldiak, eta mendi ibilbideak antolatuko dituzte. Hilabetero, prestatutako ekitaldiak iragartzen joango dira. Horrez gain, beste elkarte eta eragileekin sortutako ekimenak bultzatuko dituzte. Esaterako, Amassorrain Ikastola, Parrokia, Otxotea eta Añorgako Gazte Asanbladarekin batera egitasmoak antolatzen ari dira.
“Ehundu gaitezen”
Mendeurrenerako, irudi eta arropa berriak sortu ditu elkarteak. Irudiak sare bat irudikatzen du. Izan ere, ehuna, zenbaki bat izateaz gain, estu loturik dagoen sare bat ere badela diote elkarteko kideek, eta elkartearen izaera kontzeptu horrekin adierazi nahi izan dute.
Irudiak borobil formaren bitartez kirola irudikatzen du, eta kultura, aldiz, dantzako alpargaten lotura gurutzeen bitartez dago irudikatuta. Bestetik, elkartearen koloreak erabili dituzte logotipoa egiteko. Ospakizunetan ikur bihurtuko den sinboloa izango da, eta larunbatean aurkeztu zuten.
Otamendik azaldu duenez, mendeurrenaren ospakizunek helburu argi bat daukate: “100 urte barruko Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideek eta Añorgako bizilagunek halako erronkari aurre egiteko grina izatea”.