Bera Beraren denboraldiko lehen erronka da Superkopako finala
Futbolean, emakumezkoen liga abiatuko du igandean Realak Zubietan. Valentziaren aurka ariko dira lehen jardunaldian, 16:00etan.
Lagunartekoak atzean utzita, denboraldiko lehen erronkari aurre egingo dio bihar Bera Bera eskubaloi taldeak. Espainiako Superkopako finala jokatuko dute Torrelavegan (Espainia) Elxen kontra (19:30). Aurkaririk “zailena” dela aitortu du aste honetan Imanol Alvarez entrenatzaileak: “Elx da etsairik gogorrenetakoa, azken bi kopetan kanporatu gaituena, eta errebantxa nahi dugula esan dezakegu, errebantxa osasungarria”.
Futbolean, emakumezkoen liga abiatuko du igandean Realak Zubietan. Valentziaren aurka ariko dira lehen jardunaldian, 16:00etan. Neurketa z7 zelaian izango da, eta bazkideek aldez aurretik izena eman beharko dute hara joan ahal izateko. Natalia Arroyok gidatzen duen taldea zeharo aldatu da jokalariei dagokienez. Asko dira joandakoak, eta sei fitxatu dituztenak. Ikusteko dago sasoi honetan txuri-urdinek emango duten maila.
Arraunean, Kontxako estropada da asteburuko kirol ekitaldi garrantzitsuena. Igandean jokatuko da lehen jardunaldia. Emakumezkoen estropada 10:00etan hasiko da, eta, guztira, zortzi ontzi ariko dira emaitzarik onenaren bila. Lehen txandan ariko dira Donostiarra, Tolosaldea, Orio eta Deustu. Bigarrenean, berriz, Chapela, Hondarribia, Hibaika eta Arraun Lagunak. 71 urteren ondoren, etxeko bandera etxean geratu daiteke. Gizonezkoen estropada 11:00etan abiatuko da, eta beste zortzi traineru izango dira lehian. Lehen txandan izango dira Hondarribia, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Bigarrenean, aldiz, Santurtzi, Cabo da Cruz, Orio eta Ares. Donostiarrak onenekin aritzeko gai dela erakusteko eguna izango da.