"Erakutsi duten maila mantentzen badute, irabaziko dute"
Parte Zaharrekoak dira, eta 1989an Kontxako Bandera irabazi zuten San Pedrorekin. Ordea, Arraun Lagunaken hazitakoak dira eta gaur egun beteranoen taldean dabiltza. Aurten emakumezkoen bandera etxean geratzeko aukera asko daudela uste dute.
Donostiar batentzat Kontxako Bandera irabaztea berezia da. Gogoan duzue egun hura?
Benito Elizalde (B.E.): Ezer baino lehen azpimarratu nahi nuke 1989ko Kontxako bandera bost donostiarrek irabazi genuela San Pedrorekin. Gurekin batera aritu ziren Eulogio Genoba eta Juan Antonio Borda. Bostok aritzen gara Arraun Lagunakeko beterano gisara arraunean. Josean eta biok Kontxa hura bakarrik irabazi genuen, baina beste hiruek 91koa ere eskuratu zuten.
Joseba Higos (J.H.): Galderari erantzunez, donostiarra izan edo ez, arraunean txikitatik aritu den batentzat Kontxa irabaztea oso garrantzitsua da. Gogoan dudana da irabazi berritan kaira sartzen ari ginela nire etxeko leihora begiratu nuela. Ikaragarria da. Zierbena, Orio edo Hondarribiko batentzat Kontxa irabaztea ikaragarria da.
B.E.: Nik antzera pentsatzen dut. Lehenik, emozioa sentitu nuen. Kontuan hartu Joseba eta biok kaian jaiotakoak garela, eta Kontxako estropada asko ikusi eta bizi izan ditugu txikitatik. Gogoan dut nola etxeko leihoan egoten nintzen 6 edo 7 urterekin, eta gogoan dut Hondarribiaren marea berdea. Orduan garai onean zeuden, Lujanbio patroiaren gidaritzapean. Hori dena buruan geratu zitzaidan.
Josean Jauregi (J.J.): Denbora asko pasa da, egia esan. Bitxikeria gisa, duela gutxi galdetu zidaten ea gogoratzen nuen zer jan genuen Kontxa irabazi genuenean. Pasaiako herri guztietatik ibili ginen, eta ia bazkaldu gabe geratu ginen. Kontxa irabazteari dagokionez, egun hartan ez zara konturatzen zer den irabazi duzuna. Hurrengo egunean konturatzen zara lorturikoaz. Hamabost bat urte neramatzan arraunean, eta, bai, garrantzitsua izan zen niretzat.
B.E.: Esan bezala, Kontxa txikitatik bizi izan dugu. Arraunlari gisara, berriz, hamalau edo hamabost urterekin hasi ginen Arraun Lagunakekin arraunean. Hasiera batean, aulki mugikorra egiten genuen, eta gero traineruarekin ere hasi ginen. Egunen batean Kontxako bandera irabaztea zen gure helburua, eta lortzea izugarria izan zen. Irabazten duzun eguna ahaztezina da. Gainera, etxe ondoan. Ni kaiko 9. zenbakian bizi nintzen eta Joseba 14. zenbakian.
Nolakoa izan zen estropada?
B.E.: Bai, noski. Gure arerio nagusia San Juan zen. Lehen igandean bi edo hiru segundo atera genizkion, eta bigarrenean hamar, oker ez banago. Gogorra izan zen, baina bi igandetan irabazi genuen.
J.H.: Aldeak ez ziren handiak izan.
J.J.: Dena dela, ez da gauza bera aurretik edo atzetik joatea estropadetan.
J.H.: Bigarren igandean aipaturiko errenta txikiarekin atera ginen. Aurrez, gogoan dut San Juaneko arraunlari batek esan zidala agian ehunenekoengatik irabaziko zigutela. Ordea, bigarren igandean sekulako irteera egin genuen. Irlara iristerako traineru bateko abantaila genuen, eta mantendu genuen.
Donostiarrak izan arren San Pedrorekin irabazi zenuten Kontxa. Nolatan?
J.J.: Horrek azalpen bat merezi du. Elizaldek, Bordak eta hirurok Donostiarekin arraun egin genuen 1980ko hamarkada hasieran. Guk lehendabizi Donostian arraun egin genuen.
B.E.: Aulki mugikorra egiten genuen Arraunekin, eta gero Donostia traineruarekin aritzen ginen. Garai hartan, Donostiak zituen arraunlariekin, Arraun Lagunakekoekin eta Ur Kirolakekoekin osatzen zen trainerua.
J.J.: San Pedrorekin izan genuen loturak badu bere testuingurua. 1985ean aulki mugikorraz aspertu ginen, eta trainerillekin hasi ginen. Urtebete beranduago, San Pedrok trainerilla bat zuen eta Arraun Lagunakek beste bat. Bi trainerillak elkartzea adostu genuen traineru bat osatzeko. 1987an eta 1988an San Pedron geratu ginen Arraunekoak izan arren. Trainerillak gure kabuz egiten genituen, baina trainerua osatzeko elkartu ginen. Eta 1989an San Pedrorekin aritzea erabaki genuen lehen egunetik, San Juaneko orduko presidenteak egindako adierazpen batzuengatik. Arrauneko presidentearekin hitz egin eta San Pedron aritu ginen denboraldi hasieratik. Hori bai, urte bakarra aritu ginen han Elizalde eta biok.
71 urte dira Donostiako traineru batek ez duela Kontxako bandera irabazten. Euskotren liga irabazita, Arraun Lagunak hautagaietako bat da etxeko bandera eskuratzeko. Lortuko dute?
J.H.: Benetako aukera eskura dute, bai.
B.E.: Nire ustez, irabazteko aukera Donostiako bi traineruek eta Oriok dute.
J.J.: Arraun Lagunak eta Donostiarra irabazteko moduan daude.
B.E.: Bestalde, uste dut aipatzeko modukoa dela Jauregiren aitak irabazi zuela 1950ean Kontxako bandera Donostiako Esperanza klubarekin. Esan bezala, 71 urte dira hiriko talde batek Kontxa azkenekoz irabazi zuenetik.
J.J.: Horrela da, bai. Nire aita ez ezik, bi osaba ere zeuden Esperanzaren traineruan.
B.E.: Esperanzakoen argazkiak ikusten badituzu, arrantzaleak ziren, gorpuzkera handikoak, gihartsuak eta indartsuak. Animalia batzuk ziren, Jauregiren antzerakoak. Itsasoan egiten zuten lanarekin nahikoa zuten arraunean ondo egiteko.
Ordutik zergatik ez du Kontxako bandera irabazi Donostiako traineru batek?
J.J.: Argi erantzungo dizut. Orion eta beste herri batzuetan arraunari loturiko kultura bat dago. Donostian, berriz, ez. Gainera, Orion traineru bakarra dago, eta hemen Arraun Lagunak, bere garaian Fortuna, eta Ur Kirolak.
B.E.: Donostian mila kirol modalitate daude, eta Orion arrauna eta gainerako kirolak. Baina lehendabizi arrauna. Egia da azken urtetan Donostiako Udalak diru asko jarri duela gizonezkoen trainerua indartzeko. Baina aurretik urtetan ez zen hemengo arrauna babestu.
J.H.: Begira, Donostian arraunaz irailean hitz egiten dugu, Kontxako estropaden sailkatze estropada iristear denean. Urtean zehar ez da askorik aipatzen. Aldiz, Hondarribian eta Orion, besteak beste, arrauna urte osoan bizitzen dute.
Zer egin behar du Arraun Lagunakek Kontxako bandera irabazteko?
J.H.: Zorte ona izatea baino gehiago, zorte txarrik ez izatea da garrantzitsua Kontxan. Esan bezala, irabazteko hautagaiak dira. Dena dela, horrelako estropada baten aurrean zaudenean, presioa oso handia da. Presio hori ondo kudeatzea garrantzitsua da. Denboraldian zehar erakutsi duten maila mantentzen badute, irabaziko dute.
J.J.: Nire ustez Kontxan esperientzia garrantzitsua da, eta baliteke horren falta izatea Arraun Lagunakeko arraunlariek.
B.E.: Pasa den sasoian taldea egin gabe zegoen, baina aurten Oriorekin buruz buru aritu dira. Liga irabazteko hautagaiak ziren, eta, azkenean, Arraun Lagunakek irabazi zuen. Horrek sekulako konfiantza eman die. Kontxan ere Orio gainditzeko gaitasuna dute.