Metroaren aurkako aldarrikapena badiara begira jarri dute
Abuztuan Easo plazatik Kontxarainoko tuneleko zulaketa lanak berrabiarazi dituztela salatzeko manifestazioa egin zuen Satorralaiak, Donostiako metroaren aurkako mugimenduak, asteartean, eta pauso bat gehiago eman dute gaurkoan.
Hain zuzen, Urgullera igo dira metroaren aurkako mugimenduko hainbat kide, eta “Metroari Stop” dioen pankarta handi bat zintzilikatu dute Kontxako badiara begira, ETS-ri, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko metroaren lanak gelditzeko. Izan ere, mugimenduaren iritziz, proiektua “erabat behargabekoa, kaltegarria eta xahuketa ekonomiko itzela da”. Satorralaiako kideek azaldu dutenez, “hasi berri den ikasturte politiko honetan, metroaren auzia Donostiako eta Gipuzkoako herritarrei mahaigaineratzeko” egin dute Urgulleko ekintza.
Pankarta hiriko hainbat puntutatik ikus daiteke orain, besteak beste, kaitik, Parte Zaharretik eta Kontxako hondartzatik. Hain zuzen, igandean jokatuko da Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia, eta ordurako pankartak hor jarraitzen badu, lehiaketa guztian zehar ikusiko da.