Buia esferiko handiak estreinatu dituzte gizonezkoen Kontxako estropadan
Aurtengo Kontxako Banderaren berrikuntzetako bat estropada eremuan dago. Iragarri bezala, gizonezkoen estropadako kanpoko ziabogako balizak aldatu dituzte. Azken urtetan, beira zuntzezko baltsa batzuk erabili dira gida gisa. Ordea, klubek eta arraunlariek horiek aldatzeko eskatu zuten kolpatuz gero traineruetan kalteak sortzen zituztelako. Baltsa horien ordez buia esferiko handi batzuk jarri ditu Donostia Festakek.
Lau dira buiak, zuri, gorri, berde eta hori kolorekoak; ordena horretan jarrita dagokien kaleetan. Buia horietako bakoitzak traineruei uretan erreferentzia egiten dien banderaren kolorea du. Baliza berrien materialari dagokionez, hona hemen ezaugarriak: Rotomoldatutako polietilenoko gorputza, zelula itxiko poliuretanoko aparra barruan, rislan tratamendudun altzairuzko burdineria eta birakaria, bost metroko altuera duen masta, 130 kilogramoko pisua, 120 zentimetroko diametroa eta 1.100 kilogramoko flotagarritasuna.
Industrias Plasticas Castro enpresak egin ditu buiak, Ekoceanen laguntzarekin. Baltsak biltegian gorde dituzte noizbait beharrezkoak badira erabiltzeko.