Donostiako finka pribatu handienak 140 urte bete ditu
San Roke kalean dago Arbaizenea jauregia. Albako dukesaren udako etxea izandakoa Donostiako finka pribatu handiena da, eta 140 urte bete ditu. 1881ean eraiki zuen Sotomayorko dukeak, eta egun Arjonako dukearena da. Bi hektareako lurrak ditu Arbaizeneako jauregiaren inguruko lorategiak, eta Donostiako finka pribatu handiena da. Hala ere, 1997an Donostiako Udalarekin akordio bat egin zuen Alba familiak: Arbaizeneako lursail lauarekin geratu ziren aristokratak (Txanpuene baserria barne), eta udala, Txanpuene zenaren aurrealdean dagoen gune berde eta aldapatsuarekin. Udalaren esku dagoen 10 hektareako eremuan Txanpon Enea parkea eraikitzeko asmoa du udalak ordutik: Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat. Hala ere, ez dute ordutik proiektua martxan jarri. Gainera, basoko zikintasuna salatu dute Morlanstarrak auzo elkarteak eta Eguzki talde ekologistak.
Txanpuene baserria San Roke kaleko 57.enean zegoen, Arbaizenea jauregiaren ondoan, eta Albako dukeena zen, nahiz eta 150 urtez Etxabe familia bizi izan, maizter moduan. Badira urte batzuk aristokrata espainiarrek Txanpuene eta inguruko lurrak higiezinen enpresei saldu zietenetik, eta maizterrek epaitegietan “borrokatu” zuten beraien etxean bizitzen jarraitu ahal izateko. Hala ere, 2020ko abenduan eraitsi zuten baserria eta berandu baino lehen luxuzko etxebizitzak izango dira Amarako azken baserria zegoen tokian, Alba familiaren jauregiaren ondoan.
Izan ere, baserria zegoen tokia eta inguruko eremuan hasiak dira luxuzko etxebizitzak eraikitzeko lanak. Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL higiezinen enpresenak dira gaur egun lur horiek, eta Jose Olaizola kaleko etxe berrien jarraipen modura, Arbaizenea Homes II etxebizitza-promozioa eraikiko dute hor. Luxuzkoak izango dira etxebizitzak: guztira egingo dituzten 12 etxeek igerileku, gimnasio eta solariuma izango dute urbanizazio berrian.