13/13 epaiketa berrartu dute gaur Auzitegi Nazionalean
Gaur goizeko 10:30ean berrartu dute 13/13 epaiketa politikoa Auzitegi Nazionalean eta defentsaren testiguek deklaratu dute. Euskal presoekin bitartekari lanak egin dituzten 7 pertsona epaitzen ari dira ETAko kide izatea leporatuz, eta guztira 77 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak haientzat. Epaiketan lekuko gisa deklaratu duten ETAko kide ohi guztiek ukatu egin dute Arantxa Zuluetari eta Jon Enparantzari leporatzen dietena, hau da, “iraultza zergarekin” harremana izatea edo ETAri aginduak eman izana.
Gaur egin duten moduan, bihar eta etzi defentsaren testiguek deklaratuko dute eta euskal presoekin eta euskal gatazkarekin loturiko hainbat euskal herritarrek deklaratzea espero da. Bi aste beranduago, perituei dagokie hitz egitea eta hilaren 27an eta 28an nork bere ondorioak, argudioak eta zigor edota absoluzio eskaerak egin beharko ditu. Hala, iraila amaierarte iraungo du epaiketak.
Gaurko saioa amaitu denean, auzipetuek igandean Donostian egingo de mobilizaziora joateko deia egin dute. Manifestazioa Bulebarretik irtengo da 13:30ean. Nerea Redondo egiatarrak hitz egin du deialdia zabaltzeko Auzitegi Nazional parean grabatutako bideoan, ostiralean zendu zen Juan Mari Jauregiren argazkia eskuetan duela. Jauregi auziperatuetako zortzien artean zegoen.