Donosskino jaialdiak Antzoki Zaharrean emango dituen film laburren sorta aurkeztu du
Hilabete inguru falta da 2021eko Donosskino Donostiako Film Laburren Jaialdirako. Urriaren 5etik 9ra izango da Antzoki Zaharrean. Hain zuzen ere, aretoan proiektatuko dituzten film laburren izenak jakinarazi dituzte.
Bosgarrenez egingo duten jaialdian, bost eguneko egitaraua izango du, eta 23 film labur lehiatuko dira ShortZinema sailean epaimahaiaren sariak eskuratzeko. Gustu guztietarako aukeraketa honetan sei euskal film labur izango dira ikusgai: Dar-dar (Paul Urkijo Alijo), El perro (Daniel Cortazar), Hemen izango da (Amaia San Sebastian), Maite (Xabier Larrazabal), La colcha y la madre (David Perez Sañudo) eta Polvo somos (Estibaliz Urresola). Malagako Zinemaldian publikoaren saria irabazi duen azken film labur hau, Jone Laspiur donostiarra protagonista duena. Lan horiek guztiek, gainera, euskal film labur onenaren Etxean Shortuak saria lortzeko aukera izango dute.
Aipaturiko film laburrekin batera, nazioarteko beste hainbat emango dituzte Antzoki Zaharrean: The Visit, Shakira, Stanbrook, Der Wächer eta Club silencio.
Hiru kideko epaimahaia
Film Labur Onenaren, Gidoi Onenaren, Interpretazio Onenaren eta Etxean Shortuak Sariaren irabazleen izenak Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarrak, Molly Izaga zinemazale eta Zinemaldiko kolaboratzaileak eta Oskar Tejedor zuzendariak hautatuko dituzte. Lehiaketan parte hartuko duten film laburrek ere Publikoaren Saria irabazteko aukera izango dute. Sergio Arrospide aktore eta aurkezleak gidatuko du aurten ere Donosskino jaialdiaren amaierako ekitaldia.