'Donostiako Berdea' liburua euskarri digitalean eskura daiteke
Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak Donostiako Berdea liburua argitaratu zuten uztailaren 9an, hiriko parke eta lorategi nagusien gida. Argitalpenak Donostiako 30 parke, lorategi eta berdeguneri buruzko informazioa biltzen du, eta horien datu bereizgarrienak zehazten dira; hala nola, iristeko modua, historia, eskuragarri dauden udal hornidurak eta irekitzeko zein ixteko ordutegiak, besteak beste.
Gidak Xabier Ubeda eta Alex Iturralderen argazkiak ditu, eta lau hizkuntzatan eskura daiteke, Donostia Turismoko bulegoetan, Donostia Berdea parkeei buruzko informazio gunean eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, 10 euroren truke.
Uztaila eta abuztuko aleen salmentak argitalpenaren arduradunen aurreikuspenak gainditu ditu, eta herritarrek hiriko txoko berdeak ezagutzeko duten interesa agerian geratu da. Orain, edonork doan kontsultatu eta deskargatu ahal izango du dokumentua Cristina Enea Fundazioaren webgunean.
Argitalpenaren webgune berriak, gidaren egiturari jarraituz, hiriko berdeguneak hiru atal zehatzetan banatzen ditu: lorategiak eta pasealekuak, parkeak eta mendiak. Beraz, Alderdi Eder eta Frantzia pasealekuko lorategien, Miramar eta Egiako parkeen, eta Ulia eta Urgull mendien toki bereziak hobeto ezagutzen eta zeharkatzen laguntzen diguten jarraibideak eta planoak dituzte.