Kontxako Banderari buruzko erakusketa berezia Euskal Itsas Museoan
Euskal Itsas Museoak erakusketa berezi bat antolatu du Kontxako Banderaren bueltan: Kontxako Banderaren borroka. Hondarribiako artista batek –bere izena ez argitaratzeko eskatu dio museoari– birziklatutako materialekin egindako diorama batek osatzen du erakusketa. Egoera jakin bat hiru dimentsiotan irudikatzen duen maketa bat da diorama bat.
Estropadetako egun bat irudikatzen du obrak: kaiko eta inguruetako zaleen giroa, traineruak badian arraunean, itsasontziak inguruan, eta abar. Museoak azaldu duenez, estropadetako egun bat irudikatzeaz gain, “ironia eta umore fina” ere baditu dioramak, eta artistak film batzuei erreferentziak egin dizkie. Denak aurkitzeko, beraz, lasaitasunez begiratu beharko dira obrak dituen xehetasun guztiak. Museoaren arabera, artistak 20 urte pasa ditu diorama egiten, eta otsailean eman zion dohaintzan Euskal Itsas Museoari.
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldira arte, igandera arte, egongo da ikusgai erakusketa, 10:00etatik (igandean 11:00etatik) 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.