"Udalak nahiago du zaborrak ezkutatu, gauero kamioian hartu eta erraustegian erretzea"
Donostia Bizirik Errausketaren Aurkako Plataforma Hiritarrak giza katea egingo du igandean, Zubietako erraustegiak sortzen duen kutsadura eta Donostian zaborra biltzeko dagoen eredua salatzeko, baita “hondakinei irteera jasangarriagoa emateko” eskatzeko ere. Giza katea 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik, eta Kontxako hondartza eta pasealeku osoa zeharkatuko dituzte.
Urtebete pasa da Zubietako erraustegian hondakinak erretzen hasi zirenetik, eta hondakinen errausketak klima aldaketa areagotzen duela adierazi dute Donostia Bizirikekoek: “Donostiako erraustegiak, beste guztiek bezala, erretzen duen zabor kilo bakoitzeko CO2 kilo bat sortzen du; beraz, bere osotasunean funtzionatzen ari denean, urtean 200.000 tona CO2 isuriko ditu atmosferara”.
Gainera, errausketaren aurkakoek salatu dute Donostia izan dela 2020an zabor gehien sortu duen udalerri gipuzkoarra. Adierazi dutenez, Gipuzkoan sortutako 132.000 tona errefusetik 48.000 tona Donostian sortu ziren: 255 kilo biztanleko. “Eta 2020an ez zen turismorik izan! Egoera penagarri horren aurrean udalak ez du aldatzeko edo hobetzeko inolako interesik. Erraustegiarentzat beharrezkoa erragaia da Donostian sortutako zaborra”, gehitu dute.
Donostiako Udalaren ereduaren aurka egin dute: “Udalak nahiago du zaborrak ezkutatu, gauero kamioian hartu eta erraustegian erretzea”.