Hiriko lau hondartzetan bandera horia mantendu dute segurtasunagatik
Santa Klara uharteko hondartza. (Argazkia: Joseba Parron) Atzo arratsaldean, hiriko hondartzetako eta irlako hainbat bainularik azkura sentitu zuten uretatik ateratzean, eta ondorioz udalak bainua mugatu zuen. Bandera horia jarri zuten Zurriolan, Kontxan, Ondarretan eta Santa Klarako hondartzan. Udalak gaur jakinarazi du prebentzio neurri gisa bandera horia mantenduko dutela lau hondartzetan. Egunak aurrera egin ahala bainulari batzuek azkura sentitzen badute harturiko neurriak mantenduko dituzte, eta, bestela, bandera berdea jarria eta bainua librea izango da.
Udalak atzo zabalduriko hipotesiari eusten dio. Alegia, ostreopsis siamensis alga toxikoak eragin dituela azkura kasuak. Era berean, berretsi dute azken egunotako tenperatura altuak izan daitezkeela alga hori Donostiako uretan agertu izanaren arrazoietako bat. Dena dela, udalak azpimarratu du gaur bero gutxiago egiten duela, eta, ondorioz, alga horren eragina txikiagoa izan daitekeela. Abuztuan antzeko gertakariak jazo ziren Iparraldeko hainbat hondartzatan.
Azkura kasuak
Irlako hondartzan bandera gorria jarri zuten atzo, azkura kasu gehien atzeman zituzten lekua izan zelako: 25 inguru. Guztira, 50 bat kasu atzeman dituzte: 25 irlan, hamabost Zurriolan, hamar Ondarretan eta sei Kontxan.

