Kaiko bizilagunak "oso haserre" daude estropaden egunetan ezarritako itxiturekin
Estropaden garaia berezia da kaiko bizilagunentzat, bertatik bertara bizi eta gozatzen dituztelako. Ordea, udalak harturiko erabakiarekin "zeharo amorratuta" daudela adierazi dute.
Kontxako estropaden egunetan osasun neurriak bermatzeko, Donostiako Udalak kaiko sarbideak mugatu ditu. Hain zuzen ere, hilaren 1eko eta 2ko sailkatze estropadetan, eta pasa den igandeko lehen jardunaldian itxiturak jarri zituzten kaian. Horrek bizilagunen haserrea areagotu du, eta tentsio uneak sortu dira aipaturiko egunetan.
Sarbide nagusia eta kontrola Nautikoan jarri dute, eta Portaletako sarbidea eta Pasealeku Berrikoa hesi batekin itxi dituzte. Zehazki, Portaletan jarritako hesiarekin “oso haserre” daude bizilagunak, beraien etxebizitzetara joateko ohiko sarbidea delako. Ordea, aipaturiko egunetan Nautikotik sartzera behartu zituzten. “Sarrera guztiak murriztu dizkigute. Bizilagunok Portaleta erabiltzen dugu gure etxeetara joateko, eta ez digute aukerarik ematen. Nautikoko sarbidea autoena da, eta ez kaian bizi garen oinezkoena”, azaldu du bizilagun batek.
Estropaden garaia berezia da kaiko bizilagunentzat, bertatik bertara bizi eta gozatzen dituztelako. Ordea, udalak harturiko erabakiarekin “zeharo amorratuta” daudela adierazi dute. Udalari eta Festak sailari kexak zuzendu dizkiote, eta erantzun bakarra jaso du bizilagun batek. “Esan diote arazoa konpontzeko ea zer proposatzen duen”, dio bizilagun batek harrituta. Datorren igandean, printzipioz, itxiturak mantenduko direla uste dute.
IRUTXULOKO HITZA kaiko bizilagunekin elkartu da azken bi aste hauetan bizitzen ari diren egoeraren berri izateko. Ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da erreportajea.