Goiak 2022ko San Sebastian eguna ospatu ahal izatea espero du

San_Sebastaian_eguna_2020_ 2020ko San Sebastian eguneko bandera jaitsiera, Konstituzio plazan. (Argazkia: Beñat Parra)

Eneko Goia Donostiako alkatea baikor agertu da koronabirusaren egoera epidemiologikoak datozen hilabeteetan izango duen bilakaerarekin, eta 2022ko San Sebastian eguna ospatu ahal izatea eta “kalera danborra jotzea atera ahal izatea” espero duela adierazi du. Radio Euskadi irrati katean egin ditu adierazpenak, Bilboko eta Gasteizko alkateekin, Juan Mari Aburtorekin eta Gorka Urtaranekin, egin duen mahai inguru batean. Hala ere, nabarmendu du pandemiaren datuek danborrada egitea ahalbidetzen ez badute, 2022an ere bertan behera utzi beharko dutela, baita herritarrei erabakia azaldu beharko dietela ere.

Azkenaldian Donostian gertatu diren istiluen inguruan ere hitz egin du alkateak, eta adierazi du “gaizki” eraman dituztela “gizartearen gutxiengo batek sortutako istiluak”. Era berean, halako gertakariei poliziaren eta epaitegien aldetik “irmotasunez” erantzun behar zaiela aldarrikatu du, bere ustez, “horrelako gauzek ez daukatelako barkamenik, atzean dagoen arrazoia edozein izanda ere”.

HITZAkide HITZAkide