Immunoeskasia duten pertsonei hirugarren dosia hartzeko ordua ematen hasi da Osakidetza
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak atzo immunoeskasia larria duten pertsonei COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarriko dietela erabaki ostean, txertaketarekin berehala hasiko direla iragarri du gaur Eusko Jaurlaritzak, eta Osakidetza gaur hasi da dosia jartzeko ordua ematen.
Immunoeskasia duten herritarren jarraipena egiten duten osasun zerbitzuek adieraziko dute noiz hartu beharko duten txertoa pertsona horiek, bakoitzaren osasun egoeraren arabera. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 4.500 pertsona inguruk izango dute dosia hartzeko aukera, Jaurlaritzaren datuen arabera. Organo solidoren bat transplantatu dietenentzat, guraso hematopoietikoengandik transplantea hartutakoentzat eta tratamendu immunoezabatzaileak dituztenentzat izango dira hirugarren dosiak, eta aldez aurretik hartutako txertoen jarraibidea segituko dute. Immunoeskasia dutenek txertaketa orokorraren bidez lortu ez duten immunitatea eskuratzea da hirugarren dosia jartzeko erabakiaren helburua. Nafarroako Gobernuak ere iragarri du Osasunbideak berehala abiatuko duela kolektibo horri hirugarren dosia jartzeko prozesua.