"Kursaaleko pantaila jarri zutenetik egin nahi izan dut hau"
Kursaaleko pantailak arte digitaleko pieza bat erakutsiko du lehen aldiz asteburu honetan. Jaime de los Rios artista donostiarraren 'Crimson Waves' obra aurkeztuko dute ilunabarrarekin batera.

Artea espazio publikora eramateko asmoz, urtero, Medialab Tabakaleran artista bat gonbidatuko dute arte digitaleko pieza bat ekoizteko, Kursaaleko hiri-pantaila handian proiektatua izan dadin. Lehen edizioko gonbidatua izan da Jaime de los Rios donostiarra. Ostiralean, larunbatean eta igandean izango da ikuskizuna 20:30etik aurrera.
Kursaaleko fatxada obra aurkezteko leku bitxia da. Nola sentitzen zara?
Une honetan harrotasuna, ardura eta babesa sentitzen ditut aldi berean. Izan ere, Kursaaleko fatxadan halako zerbait egiten den lehen aldia izango da. Donostia artearekin elkarbizitzan dagoen hiri bat da, eta hiriren edertasunagatik zaila da gauza esperimentalekin saiatzea. Nire lana gainera, guztiz esperimentala da, hainbat teknologiarekin egiten baitut lan. Beraz, zaila izan da obra egitea.
Nolakoa da obra? zer ikusiko da asteburuan Kursaaleko fatxadan?
Obra algoritmikoa da, nire obren gehiengoa bezala, eta horri esker obra bere kabuz eboluzionatzen doa. Moneok, nire ustetan, itsasoari ongietorria egiten dio, natura hirian sartu dadin. Kursaaleko haitzak hori lortzen du, izan ere gure kostako harri eta haitzekin du lotura, eta bereziki, kai muturrarekin.
Obrak azken finean, bidai bat irudikatzen du natura eta inguruarekin, eta ilunabarrarekin batera hasten da. Itsasoen koloreetatik, haitzen interpretazio batera igarotzen da eta ondoren, natura eta biziaren presentziara. Ibaia ondoan dago eta harrigarria da, biziz betea dago. Azkenik, loaldian sartzen da eta gaua iristen da. Koloreak ezkutatzen doaz eta kutsu malenkoniatsu bat hartzen du obrak.
Zenbat iraungo du ikuskizunak?
Ikuskizunak gutxi gorabehera 30 minutu iraungo ditu eta niretzat opera baten modukoa izango da. Izan ere aipatutako bidaiak hiru parte ezberdin izango ditu.
‘Crimson Waves’ obra espresuki Kursaalean proiektatzeko sortutako obra da ezta?
Bai hala da eta gainera, Kursaalekoa Estatuko pantaila handiena da. Kursaaleko pantaila jarri zutenetik egin nahi izan dut hau, baina une egokia bilatu behar da beti. Instituzioekin hitz egin behar da eta gauza asko hartu behar dira kontuan. Gainera, artea espazio publikora eramateko asmoarekin egin dugu. Beraz, bereziki leku honetarako eta espazio publikorako prestatutako obra da.
Arte galeriak erabiltzea edo espazio publikoa erabiltzea ez da gauza bera, zailtasunak sortzen ditu horrek?
Lehenago egin ditut antzeko gauzak beste leku batzuetan, esaterako, Taiwanen eta Japonen. Hala ere, ez dira leku hau bezalakoak eta gauza asko zaindu behar dira hemen. Esan bezala, espazio publikorako prestatutako obra da, eta asko aldatzen da galeria batetik kalera. Froga ugari egiten ari gara azken egunetan, izan ere, nahiz eta pantaila batean proiektatu badakigu hori ez dela emaitza izango. Proba asko egin behar dira, eta gauza asko kontuan izan behar ditugu. Horregatik, urduritasunez bizitzen ari gara azken une hauek. Oso aukera berezia da eta babesa sentitzen dut, baina aldi berean, bere zama ere badu.

Jaime de los Rios Kursaalean (eskuinean) ‘Crimson Waves’ obraren aurkezpenean. (Argazkia: Oihane Arretxea)