Mirakontxako Villa Vista Eder etxean bost izarreko hotel bat eraikiko dute

Villa Vista Eder Mirakontxako etxe zaharrenetariko bat da: 1902an eraiki zuen Francisco Urkola arkitektoak. Bost izarreko hotel bat eraikiko dute bertan, eta eraikinaren fatxada baino ez dute babestu; gainerako guztia eraitsi dute dagoeneko. Eraikin hori Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak (EHOBPB) “behar beste” babestu ez izana salatu du Ancora elkarteak.
Ondarearen babeserako elkarteak azaldu duenez, 2009an Villa Vista Eder babestu beharreko etxeen katalogoan sartu zuen udalak, baina 2017an katalogotik kendu zuten. Duela gutxi EHOBPBa berritu dute, eta eraikinaren fatxada baino ez dute babestu.
1902an, Jose Manuel Triana kubatar aberatsak bere alaba batentzat eraikiarazi zion Villa Vista Eder Francisco Urkola arkitektoari. Mende bat beranduago, 10,5 milioi eurogatik erosi du eraikina enpresa batek, eta bost izarreko hotel bat eraikiko dute bertan. Fatxada baino ez da zutik geratu.