Realak PSVren aurkako partidarako 1.066 sarrera banatuko ditu bere zaleen artean
Realak datorren ostegunean, hilaren 16an (21:00etan), egingo du debuta 2021/2022 denboraldiko Europa ligan, PSVren aurka, Eindhovenen (Herbehereak), eta 1.066 bazkide txuri-urdin joan ahal izango dira zelaira. Hain zuzen, Realak jakinarazi du klubak neurketa horretarako 1.066 sarrera izango dituela eskuragarri, eta honela banatuko ditu: Realaren webgunearen eta aplikazio mugikorraren bidez 916 sarrera banatuko dituzte bazkideen artean, eta beste 150 sarrerak Halcon Bidaiak enpresak antolatu duen pakete baten barruan banatuko dituzte (horiek eskuratzeko ere bazkide izan behar da).
Sarrerak lortzeko izena emateko epea ireki dute dagoeneko, bai Halcon Bidaiak enpresaren paketeetan izena emateko eta bai sarrera solteak eskuratzeko izena emateko, eta bazkide bakoitzak berarentzako eta beste pertsona batentzako (besteak ez du zertan bazkide izan behar) sarrerak eskatu ditzake. Realaren webgunearen bidez eman daiteke izena.
Bestalde, hau izango da Realaren egutegia Europa ligako lehenengo fasean:
- 1. jardunaldia: PSV Eindhoven – Reala. Irailak 16 (21:00).
- 2. jardunaldia: Reala – Monako. Irailak 30 (18:45).
- 3. jardunaldia: Sturm Graz – Reala. Urriak 21 (21:00).
- 4. jardunaldia: Reala – Sturm Graz. Azaroak 4 (18:45).
- 5. jardunaldia: Monaco – Reala. Azaroak 25 (21:00).
- 6. jardunaldia: Reala – PSV Eindhoven. Abenduak 9 (18:45).