Anoetan angulak harrapatzen zituzten
Anoeta padura bat izan zen XX. mendearen erdialdera arte. Anoeta baserri zaharra egun belodromoa dagoen lekuan zegoen, ibaiadar baten ondoan. 1950eko hamarkadan Kirol Hiria eraiki zuten, eta Uralde baserrikoek Xanti taberna sortu zuten. 1990ean dena aldatu zen.
Nork ez du inoiz Xanti tabernako kroketarik jan, Anoeta estadioan Realari txalo egin, Paco Yoldi igerilekuan igeri egin edota Topoa Anoetan hartu? Donostiar gehienak izan dira inoiz Anoetan, arrazoi batengatik edo besteagatik. Amara Berrin dago, baina beti izan du berezko izaera, agian naturak eremuari eman dion babesagatik. Anoeta kirolarekin lotzen dugu batik bat, baina baserritar giroko eremu bat izan da urte luzez. Azken baserria –Uralde– 1990ean eraitsi zuten.
Anoeta ingurua padura bat zen, eta Urumearen ibaiadar bat jaisten zen Miramondik beheraino, egun Belodromoa dagoen ingururaino, hain zuzen. Angulak eta guzti arrantzatzen omen zituzten ibaiadar horretan. Ibaiadarraren ondoan zegoen Anoeta baserria, egun belodromoa dagoen lekuan, eta ibaidarraren ibarrean beste hainbat baserri zeuden. Urak eta mendiak Anoeta baserria suntsitu zuten, eta bertan bizi zen familiak baserri berria eraiki zuen 1922an: Uralde. Egun miniestadioa dagoen lekuan zegoen baserria, eta bere lurretan baratzak zituen. Zokorago Gantxegi baserria zegoen.
San Juan de Dios ospitalea eraiki zutenean zenbait obra egin zituzten inguruan, eta ibaidarra estali egin zuten, eta bariantea eraikitzeak beste hainbat baserri eraitsi izana eragin zuen. Hala ere, Uralde baserrikoek hor jarraituko zuten, nahiz eta 1950eko hamarkadan aldaketak bizi izan zituzten.
Ura desagertu zen
Urumea ibaia berbideratzearekin batera Amara Berri eraikitzeari ekin zioten 1950eko hamarkadan, eta kirolei zuzendutako espazio bat izateari garrantzia eman zion orduko udalak. Egungo Sahats plazan futbol zelai bat eraiki zuten, Estadio de Bolsillo deiturikoa. Anoeta izan zen, ordea, Donostiako Kirol Hiria eraikitzeko hautatutako gunea. 1954an inauguratu zuten: futbol zelaia, igerilekua eta bestelako kirol instalazioak eraiki zituzten. Handik aurrera eremuan azpiegitura gehiago eraikitzen joan ziren: belodromoa, Balda eta Anoeta pilotalekuak eta trinketea, besteak beste.
Egun Illunbeko zezen plaza dagoen eremuan Illunbe baserria zegoen, eta sagardotegi moduan funtzionatzen zuen. Donostiako Erdialdetik asteburu pasa joaten ziren Illunbera txangoan, bertan jan eta bolatokian jolasteko. Illunbe eredu izan zen Uraldekoentzat.
Izan ere, 1950eko hamarkadan Kirol Hiria eraiki zutenean lurrik gabe geratu ziren, eta ondorioz, ezin ziren baratzean ereindakoak saltzetik bizi. Horregatik, taberna ireki zuten. Baserriko nagusiaren izena jarri zioten: Xanti. Urte luzez donostiar ugari joan ziren Anoeta ingurura egun pasa: Xantirenean tortilla jan, igerilekuan ibili eta kirola egiteko.
Estadio berriak guztia estali zuen
1970eko hamarkadan Txuri Urdin izotz jauregia eraiki zuten, eta 1990eko hamarkadaren hasieran Kirol Hiria berritzeari ekin zioten. Orduan eraiki zituzten Anoeta estadioa, Paco Yoldi igerilekua, eta miniestadioa; belodromoa eta Atano III.a frontoia berritu zituzten, eta hainbat eraikin bota zituzten. Horietako bat Uralde baserri ezaguna izan zen. Hala ere, Xanti taberna eta Anoeta hotel berria eraiki zituzten, orain dauden lekuan.
Anoeta ingurua asko aldatu da, Donostia eta Amara Berri bezala. Urak estali zituzten, baserriak bota, eta orain estadioari izen arrotz bat jarri diote. Ez ditzagun gure sustraiak porlanez estali.