Bertso saioa, kontzertua, haurrentzako tailerra, eta gehiago
Bihartik hilaren 19ra arte kultur ekitaldiz josiko dute Aiete, ohiko jaien ordez. COVID-19aren aurkako osasun neurri guztiak beteko dituzte, eta Jolastokian eta anfiteatroan izango dira ekitaldiak.
Donostiako gainerako auzoetan bezala, ez da jairik izango Aieten, baina egitarau kultural zabala ondu dute Lantxabe auzo elkarteak, Aieten Euskaraz batzordeak eta Aiete kultur eta kirol elkarteak. Sei egunetan banatu dute egitaraua, eta eguneko jarduera bana izango da.
Biharkoa izango da lehenengo eguna, eta bertso saio batekin hasiko dira Aieteko ez-jaiak. Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin arituko dira bertsotan Aiete pasealekuko Jolastokian, 19:00etan. 70 pertsona kabitzen dira Jolastokian, eta ondorioz, edukiera beste hainbestekoa izango da. Ez da aurrez izena eman beharko, eta eserleku guztiak bete arte gerturatu ahalko dute Aieteko eta inguruko auzoetako bizilagunek Jolastokiko bertso saiora. Euria egingo balu, Axular Lizeoan egingo dute bertso saioa.
Etzi, igandean, Aieteko haurrentzako egun berezia izango da. Izan ere, auzo elkarteak, euskara batzordeak eta Aiete kultur eta kirol elkarteak antolaturik, zurgintza tailerra eskainiko diete auzoko haurrei. Jolastokian egingo dute tailerra, baina euria egingo balu, Axular Lizeoan egingo dute.
Txupinazorik ez
Aieteko jairik izango ez denez, ohiko txupinazorik ere ez da izango auzoan. Hala ere, kanpaien errepika entzuteko aukera izango da Aieten. Zehazki, irailaren 13an, 19:00etan, egingo dute errepika Aiete pasealekuko Gurutze Santuaren elizako kanpaiek.
Hurrengo egunean, hilaren 24an, Meza Nagusia izango da Gurutze Santuaren parrokian, 11:00etan. Urteroko tradizioa betez, auzoko kristauak elizara joango dira, eta parrokiako abesbatzaren kontzertu batez gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldi hori elizak berak antolatu du.
Hurrengo larunbatean –irailaren 18an–, Miramongo anfiteatroa izango da Aieteko ez-jaien eszenatokia. Izan ere, Cum Jubilo abesbatzak kontzertu berezia emango du espazio paregabe horretan, 18:30ean. Cum Jubilo abesbatza Easo abesbatzaren barruko zenbait abeslarik osatzen dute, eta lehenago ere izanak dira Miramongo oholtzan. Guztira 3.000 lagun kabitzen dira anfiteatroan, eta ondorioz, nahi duten pertsona guztiek izango dute gerturatzeko aukera, aise mantenduko baitira COVID-19aren hedapena saihesteko ezarritako distantzia soziala eta bestelako osasun neurriak.
Txistularien diana, ezinbestekoa
Urteroko zita dute Aieten txistularien diana. 10:30ean abiatuko dira Baenako dukearen kaletik, eta auzo guztia zeharkatuz, Puion amaituko dute beraien ibilbidea.
COVID-19aren aurkako osasun neurri guztiak beteko dituztela adierazi du Felix Perez Lantxabe auzo elkarteko kideak: “Osasun neurriak Donostiako Festakek ezartzeaz gain, guk geure buruari ere ezarri dizkiogu, geure ekimenez”.