"Bi taldeok bandera lortzeko aukera dugu; ez da ezinezkoa"
Kontxako bigarren jardunaldirako prest daude Donostiarraren bi taldeak. Onena ematen badute banderaren lehian sartuko direla uste dute Endika Alberdik (San Pedro, 1988) eta Irati Merkaderrek (Antigua, 2002). Neskak ohorezko txandan ariko dira, eta mutilak kontsolazio txandan.
Kontxako lehen jardunaldian nesken Donostiarra hirugarren sailkatu zen, eta mutilena bosgarren. Nolakoak izan ziren estropadak?
Irati Merkader (I.M.): Sentipen onekin atera ginen uretatik. Estropada ona egin genuen, dena ematera atera ginen, eta uste dut hori lortu genuela. Emaitzari dagokionez, ez zen izan espero genuena. Kanpo faktore batzuk eragin zigutela uste dugu. Adibidez, egokitu zitzaigun kalea ez zen egokiena. Uste dugu Kontxara urteko unerik onenean iritsi garela, baina urtean zehar egindako lana ez zen ikusi igandeko estropadan.
Endika Alberdi (E.A.): Estropada ona egin genuen. Atera eta aurrea hartu genuen, baina momentu batean hiru segundo sartu zizkiguten, eta hor ordaindu genuen dena. Dena dela, oso pozik gaude egindakoarekin, gure estropada egin genuelako. Pena da bosgarren geratu izana, baina hamar segundora ez da iristen irabazleak ateratako aldea.
Ohorezko txandan ariko zarete neskak, eta kontsolazio txandan mutilak. Biak ala biak banderaren lehian zaudetela uste duzue?
I.M.: Bai, noski. Nahiz eta zortzi segundoko desabantaila izan, ez dugu itxaropena galtzen. Oraindik bandera irabazteko aukera dugula uste dugu. Badakigu zaila dela, baina ez da ezinezkoa.
E.A.: Banderari begira nahiago dut bosgarren postua laugarrena baino. Arerioak txanda berean gainditzea zailagoa da. Alde horretatik, pozik gaude.
Etzi jokatuko den Kontxako bigarren jardunaldiari begira, zein da zuen helburua?
E.A.: Lehenik eta behin, guk gure lana egitea eta txanda irabaztea. Gero gertatzen dena ez da gure esku egongo. Garrantzitsuena da gu aterako garela banderaren bila. Gure lana ahalik eta ondoen egitera aterako gara. Haize pixka bat altxatzen bada, uste dut hamar segundo ez dela ezer. Beraz, edozer gauza gerta daiteke.
I.M.: Esan bezala, gure esku dagoena egiten saiatuko gara.
Entrenamendu, urduritasun eta bestelakoen astea izan ohi da igande batetik besterakoa. Zuen astea nolakoa ari da izaten?
I.M.: Taldea urduri dago, baina entrenamendu guztietan dena ematera atera gara. Exijentzia maila handikoak izan dira azken bi asteak. Entrenatzaileak esan digu estropadaren zati batzuetan huts egiten dugula, eta saiatzen ari gara tarte horiek hobetzen.
E.A.: Astea aurrekoaren antzekoa izan da. Urte osoan egindako entrenamenduak egiten aritu gara, intentsitate handiarekin. Taldea oso indartsu dago. Ez dugu prestaketa berezirik egin. Gu garena izaten jarraitzen dugu.
Neskak banderaren lehian ikusten dituzu, Endika? Eta zuk mutilak, Irati?
E.A.: Bai. Zortzi segundotara daude. Zaila da, baina posible da.
I.M.: Bi taldeok bandera lortzeko aukera dugu; ez da ezinezkoa.