Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak frankistek Donostian eraildako herritarrak omenduko ditu
Datorren astelehenean, hilaren 13an, frankistek Donostian eraildako herritarrei omenaldi bat egingo die Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak. Ekitaldia 19:00etan izango da Goikoa jauregiaren aurrean dagoen Dual oroigarrian. Errepresaliatuen izen-abizenak jarrita daude han, eta, besteak beste, lore eskaintza bat egingo diete.
“1936ko irailaren 13an Errepublikaren kontra matxinatutako armada Donostian sartu zen, eta berehala hasi zen sarraskia: ditugun datuen arabera, ia 400 pertsona erail edo/eta desagerrarazi zituzten. Urtero bezala Egia, Justizia, Errekonozimendua eta Erreparazioa aldarrikatuko dugu; izan ere, egun estatu espainiarrak eskubide hauek ukatzen dizkigu, eta Argentinako justiziarengana edo Nazio Batuen Erakundearengana jo behar dugu gure eskubideak egikaritzeko”, azaldu dute.
Argentinako justiziak frankismoaren krimenak genozidiotzat jo ditu, eta beharrezkoa iruditzen zaie egiari buruzko batzorde bat sortzea krimen hauek argitzeko. “Beharrezkoa ikusten dugu baita ere 1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea, genoziden inpunitatea bermatzen duelako, eta ezarritako errepresio sententzia guztiak bertan behera uztea. Eta azkenik, beharrezkoa ikusten dugu frankismoaren biktimen memoria defendatzea, eta militar faxisten kontra borrokatu zuten pertsona eta erakundeen balore kultural eta ideologikoak babestea eta iraunaraztea”, azpimarratu dute.