"Hemen topatzen duzuna ez duzu beste leku batzuetan topatzen"
Mirakruz kalean dago La Dalia mertzeria. 1929an ireki zuten denda, eta langileetako baten erretiroa dela eta, urte amaieran ixtea erabaki dute. Bezeroek tristura handiarekin hartu dute berria eta jende asko gerturatzen ari da dendariengana, agur esateko asmoz.
Loli eta Rosi 14 urte zituztenetik dabiltza La Dalia dendan lanean. 1929an ezkontzera zihoan bikote batek Mirakruz kaleko 28. zenbakian ireki zuen denda, eta dendaren atzeko partean bizi ziren. Bikote horren hiru alabek dendan egin zuten lan: bizitza osoa igaro zuten bertan. Alabak erretiratu zirenean, Loli eta Rosiri dendarekin jarraitzeko proposamena egin zieten. Haiek ondo ezagutzen zuten denda, eta duela 18 urte denda aurrera eramatearen aldeko apustua egitea erabaki zuten.
Garaiak, ordea, asko aldatu dira denbora honetan. «Ireki zenean komertzio txiki bat zen, eta mertzeria izateaz gain denetarik zegoen. Gerora, mertzerian espezializatu gara», dio Lolik. Lanean hasi zirenean jostun ugari zeuden, eta botoi eta kremailera bila joaten zirela kontatu du Rosik. Gerora, marka berri eta ezberdinak ekarri dituzte eta bereziki kortse denda moduan eta neurri handietan espezializatu dira. Loliren hitzetan, horretan oso ondo joan zaie: «Bizirauten duten denda txiki guztiek egiten duten moduan egin dugu, zerbaitek huts egiten badu beste zerbaiti eutsi behar zaio». Dendan marka onak dituzte eta jendeak horregatik ezagutzen ditu.
Arropa ere asko aldatu dela dio Rosik: «Lehengo barruko jantziek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Lehen, bi eredu ezberdin erosten ziren eta bakoitzeko dozena erdi bat eskatzen ziguten. Orain, ordea, barietatea nahi dute eta beti galdetzen digute: ‘Ez duzue gehiago?’». Joera hori identifikatu zutenetik ahalik eta barietate gehien ekartzen saiatzen dira, eta haien iritziz, horri esker egin dute haien lekua auzoan eta hiriko merkataritzan: «Erreferentziazko denda gara. Hemen topatzen duzuna ez duzu beste leku batzuetan topatzen». Dendara gerturatzen diren bezeroak gehienbat hiri mailakoak izaten dira, baina beste herrietako jende ugari gerturatzen da. Oro har, jende nagusia da haien ohiko bezeroa. Haien hitzetan, jende gazteak ez ditu halako komertzioak ulertzen.
Auzo bizitza
La Dalia dendak betidanik izan du harremana auzoarekin: Groseko elkarteetan parte hartu izan dute beti. Loli auzokoa da: «Auzo bizitza egiten dut nik: merkatura joaten naiz, nire harategia eta arrandegia ditut. Auzoan denok ezagutzen dugu elkar eta oso auzo ona da». Loliren iritziz, auzo bizitza asko dago, bereziki barrualdean, hondartza ondoko giroa ez baita berdina. Hala ere, auzoa asko aldatzen ari dela ohartzen ari dira. «Tristura handia eragiten digu auzoko komertzioak nola aldatzen ari diren ikusteak», dio Rosik. Duela 90 urte baino gehiago, denda ireki zenean antzeko beste bi denda zeuden hirian. Bata Parte Zaharrean, eta bestea, Hondarribia kalean: biek La Azucena zuten izena. Bi horiek aspaldi itxi zituzten eta bizirik iraun zuen bakarra La Dalia izan zen.
Horrez gain, Groseko Merkatarien Elkartearen lana nabarmendu du Lolik. Merkatari txikiak babesten eta laguntzen dituztela eta prozesu honetan ekarpen handia egin dietela dio.
Amaiera berezia
Rosi erretiratu egingo delako hartu dute ixteko erabakia. Izan ere, Loliri bost urte geratzen zaizkio erretiratu arte, baina dendan gauza asko egiteke daudela eta lan handia dela azaldu du: «Ez da bideragarria».
Azken bost urteak ez dira bereziki onak izan komertzioarentzat, baina konfinamenduaren osteko itzulera, ordea, positiboa izan da. «Hiritarrak bertako komertzioetan erosteko gogoarekin irten dira itxialditik», dio Lolik. Jendeak komertzio txikien aldeko apustua egin duela nabaritu dute. Horrez gain, ixtea erabaki zutenetik, beherapenak jarri dituzte dendan dutena saltzen saiatzeko, eta horrek jende ugari erakarri du.
Gainera, dendaren itxieraren berri izan dutenek badakite bertako produktuak eskuratzea zaila izango dela aurrerantzean. Bezeroek tristura handiz hartu dute berria. «‘Zer egingo dugu orain?’ galdetzen digute batzuek. Guk ezagutzen ditugun beste komertzioak gomendatzen ditugu, baina hainbat gauza lortzea oso zaila izango da». Harrituta geratu dira erantzunarekin; izan ere, jende asko hurbildu zaie itxieraz galdetzera, eta babesa sentitu dute.
Paradoxikoa bada ere, dendaren itxierak bizia itzuli dio La Daliari. «Dendako lana entretenitua izan da beti; jende asko etorri izan da, eta beti zegoen zerbait egiteko. Azken asteotan hori nabaritu dugu: beste garai batean zen bezalakoa da berriro ere», dio Lolik. Lanez gainezka daude, baina jendearen maitasuna eta gertutasuna sentitzen ari dira egunotan. «Urte hauetan guztietan bizitakoarekin pozik gaude, orokorrean dena izan da ona eta jendeak asko maite gaituela nabaritu dugu. Gu ez goaz sentipen txarrarekin».
Berezitasun moduan, erakusleiho berezia jarri nahi izan dute azken hilabete hauetarako. Hilero, erakusleiho apaintzaileak etortzen dira kanpoaldea egitera. «Ibaetako bi anaiek egiten dizkigute erakusleihoak eta asko gustatu zaigu oraingoan prestatu digutena». Ez zuten ohiko irudia mantendu nahi eta dendari hobeto egokitzen zitzaion zerbait gehitu nahi zioten. Azkenean, antzokietako oihal bat jarri dute eta kristalean bezeroek izandako jarreragatik Eskerrik asko jarri dute, agur moduan.