Uda «gogorra» eta «luzea» izaten ari da bizilagunentzat
Kontxako estropadetan osasun neurriak bermatzeko, Donostiako Udalak kaiko sarbideak mugatu ditu. Erabaki horrek kaiko biztanleen «haserrea» areagotu du, Portaletako sarbidea itxi dietelako.
Estropaden iraileko bi asteak bereziak dira kaiko bizilagunentzat, bertatik bertara bizi eta gozatzen dituztelako. Ordea, Donostiako Udalak harturiko erabakiekin «zeharo amorratuta» daude. Osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko, hilaren 1eko eta 2ko sailkatze estropadetan, eta pasa den igandeko lehen jardunaldian itxiturak jarri zituzten kaian. Horrek bizilagunen haserrea areagotu du, eta tentsio uneak sortu dira aipaturiko egunetan. Izan ere, uda «gogorra» eta «luzea» izaten ari da bizilagunentzat. Kaleko edanak eragindako zarata eta zikinkeria «gehiegizkoa» izaten ari dela diote. Kaiko arrapala itxi izanarekin ere haserre jarraitzen dute.
Kontxako estropaden egunetan, sarbide nagusia eta kontrola Nautikoan jarri zuten, eta Portaletako sarrera eta Pasealeku Berrikoa hesi batekin itxi zituzten. Zehazki, Portaletan jarritako hesiarekin «oso haserre» daude bizilagunak, beraien etxebizitzetara joateko ohiko sarbidea delako. Ordea, aipaturiko egunetan Nautikotik sartzera behartu zituzten. «Sarrera guztiak murriztu dizkigute. Bizilagunok Portaleta erabiltzen dugu gure etxeetara joateko, eta ez digute aukerarik ematen. Nautikoko sarbidea autoena da, eta ez kaian bizi garen oinezkoena», azaldu dute bizilagunek.
Autoa kaian aparkatzen dute bizilagunek, eta udalak eskutitz baten bidez eskatu zieten estropaden egunetan eremutik kanpo aparkatzeko. Era berean, autoa non utz zezaketen adierazi zieten. Ordea, eskutitz horretan ez zieten adierazi itxiturak egingo zituztenik, eta itxitura horiek non izango ziren. «Neurri batean, sarrera batzuk ixtea ulertzen dugu. Ordea, bizilagunei Portaletatik sartzen ez uztea ulertezina da. Kaian adin guztietako pertsonak bizi dira. Haur txikiak, 90 urtetik gorakoak, eta mugikortasun arazoak dituztenak. Badirudi hori dena bost axola zaiola udalari eta Festak sailari», salatu dute bizilagunek.
Pasa den astean eta asteburuan arazoak izan dituzte sarbideen kontrola bermatzen duten langileekin. «Kaian bizi diren biztanleekin nazkatuta daudela esan digute», dio bizilagun batek. Hain zuzen ere, Nautikoko sarbidean kaian bizi diren pertsonen izen-abizenak dituzte zerrenda batean. Sartu ahal izateko bizilagunek NAN txartela erakutsi behar dute. «Nortasun agiriarekin ahoan ibili behar dugula dirudi. Zer gara gaizkileak?».
Bizilagun bati gertaturikoa azpimarratu nahi izan dute: «Kaian bizi den adineko pertsona batek Portaletatik sartzen ahalegindu zen igandean. Ibiltzeko zailtasunak ditu, eta, mesedez, pasatzen uzteko eskatu zioten itxitako hesia zaintzen zeuden pertsonei. Soilik berari pasatzen utziko ziotela esan zioten, baina berak baldintza bat jarri zien; berarekin zeuden beste hamar laguni ere pasatzen uztea. Ezezkoa eman zioten. Azkenean, Nautikoko sarrerara bidali zuten».
Kaian bizi ez diren eta han familiakoren bat dutenen egoera ere salatu dute bizilagunek. Izan ere, soilik kaian bizilekua dutenak sar daitezke baimendu gisa. «90 urtetik gorako ama zaintzen duen gizon bati sarrera ukatu zioten igandean. Egunero joaten da amari bazkaltzen ematera, baina ez zioten pasatzen utzi. Azkenean, amaren nortasun agiria erakutsi behar izan zuen kaira sartzeko. Oso haserre zegoen», azaldu du bizilagun batek.
Azken eguna falta da
Kontxako estropaden azken eguna falta da, etziko jardunaldi erabakigarria. Bizilagunen ustez, orain arteko itxiturak mantenduko dituzte. Ordea, ez dute horren inguruko informaziorik jaso. Udalari eta Festak sailari kexa ugari helarazi dizkiote, baina bizilagun bati bakarrik erantzun diote. «Esan diote arazoa konpontzeko ea zer proposatzen duen», dio harrituta kaiko biztanle batek. Orain arteko estropada egunetan hainbat biztanlek Festak saileko arduradunengana jo dute azalpen eske, baina «asmo txarrez» erantzun diete. Estropadak bukatzean asmoa dute auzoan elkartu eta udalarengana jotzeko.